Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra
GIZARTEA

Santakrutzek 62 ekintza izango dituzte lau egunetan

Egun bat gutxiago iraungo dute, Baserritarren Eguna larunbatera aldatu delako

Aitziber Muga - 2018(e)ko irailaren 5a, asteazkena - 06:03etan eguneratua

Xanti Val, Noemi Arberas eta Jesus Mari Martiarena alkatea atzoko aurkezpenean.

Xanti Val, Noemi Arberas eta Jesus Mari Martiarena alkatea atzoko aurkezpenean.

Galería Noticia

Xanti Val, Noemi Arberas eta Jesus Mari Martiarena alkatea atzoko aurkezpenean.

Lezo- Datorren asteburuan, irailaren 13tik 16ra Lezok santakrutz jaiak ospatuko ditu. Aurtengo berrikun-tza nagusiena festek egun bat gutxiago, lau egun eta ez bost, iraungo dutela izango da. Aldaketa Jai Ba-tzordeari egindako eskaera batetik dator;izan ere, Baserritarren Eguna astelehenean ospatu ordez, egun horretako ekimenak larunbatean egiteko eskaera egin zuten baserritarrek. Jai Batzordeak eskaera aztertu eta ontzat eman zuen. Alabaina, ekitaldi kopurua mantenduko da, 62 hitzordurekin. Gainera, su artifizialak izango dira lehenengoz eta larunbata festen egun handia izango da, gustu eta adin guztietarako 27 ekitaldirekin.

Atzo egindako prentsa agerraldian, Xanti Valek, Kultura teknikariak nabarmendu zuenez, joan den urtean santakrutzetan 5.000 euro gehiagoko aurrekontua ipini zen eta aurten beste 6.000 euro gehiago jarriko dira. “Urtetan diru oso gutxirekin festak antolatu ondoren, azkeneko bi urteetan 11.000 euro hazi da aurrekontua eta horrek aukera ematen du jai duinagoak antolatu ahal izateko”, aipatu zuen.

Horren harira, alkateak adierazi zuen: “Aurten legealdiko azken txanpan sartuta, herritarrei eta Jai Batzordeko kideei oparia egiteko helburuarekin, eta baita haien lana eskertzeko ere, zerbait berezia egin nahi izan dugu. Jai Batzordeak antolatutako egitarauari bi ekintza gehitu dizkiegu: jubilatuen bazkaria berreskuratu da, batetik, eta su artifizialak eskainiko dira, bestetik, eskualdeko hainbat herritan egiten den moduan”. Halaber, joan den urtean berritzailea eta arrakasta-tsua izan zen danborradako argiztapena ere mantenduko da aurten. “Espero dugu berritasunak herritar guztien gustukoak izatea, helburu horrekin txertatu baititugu”, esan zuen alkateak.

Lehenengoz su artifizialak botako dira eta erretiratuen bazkaria berreskuratu da aurtengo aurrekontua handitu delako

Beste aldaketa bat aurten tartekoen eta arrantzaleen bazkariek bat egin dutela da eta bi taldeak ikastolako jolastokian bilduko dira bazkari erraldoi batean. Gainontzean, 2018ko santakrutzetako egitarauak urtero ospatu ohi diren ekintza eta ekitaldiak jasotzen ditu.

Gaueko musika emanaldiei dagokienez, ostiralean Dj Bullen emanaldia izango da Karlos Saldise plazan;eta larunbatean, berriz, su artifizialen ondoren, Elizagoien ahizpa trikitilariak izango dira Jauregialden eta La Basu, Juantxo Skalari &Rude Band, Dj Polas eta Dj Loro, Karlos Saldise plazan.

Jai parekideakNoemi Arberasek, Berdintasun zinegotziak, adierazi bezala, “Lezok ez du eraso sexistarik onartzen”. Hori dela eta, iaz egin zen moduan, aurten ere jai parekideen inguruko kanpaina egingo da.

Horren baitan, kartelak eta pankarta jarriko dira, jaietako protokoloa buzoneatuko da egitarauarekin batera eta Indarkeriarik Gabeko Gunea jarriko da ostiralean, 18.00etatik 21.00etara. “Indarkeriarik gabeko gunean protokoloaren esku-orriak, txartelak eta txapak banatuko dira, baina benetako jai parekideak bizi ahal izateko herritarren laguntza beharrezkoa da eraso bat ikusi, entzun edota jasanez gero erantzuteko”, azpimarratu zuen Arberasek. Gune horrek indarkeria sexistari aurre egiteko bitartekoak eskainiko dizkie herritarrei eta, besteak beste;informazioa jasotzeko eta iritzi eta bizipenak partekatzeko gunea izango da.

Amaitzeko, Kultura teknikariak gogorazi zuen, azken urteetan bezala, jai egitaraua eta kultur programazio osoa Lezoko Udaleko APPan eskuragarri dutela dagoeneko herritarrek eta, bide batez, adierazi zuen eskuko egitaraua gaur hasiko direla banatzen etxez etxe.