Mikel Mujika txirrindulari legazpiarra

“Legazpiko Santikutz proba inflexio puntua izan zen: zerbait polita lor nezakeela konturatu nintzen”

Mikel Mujika legazpiarra oso txirrindulari saiatua da. Umetan ez zegoen onenen artean, baina 23 urte azpikoen artean oso maila ona ematen ari da. Orain arteko azken lasterketan, Zegaman, bigarren postuan sailkatu zen

Asier Zaldua - Miércoles, 5 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 06:03h

Mikel Mujika, txirrindulari legazpiarra

Mikel Mujika, txirrindulari legazpiarra

Galería Noticia

Mikel Mujika, txirrindulari legazpiarra

legazpi- Mujikak 20 urte ditu eta lehen pedalkadak Urretxu eta Zumarragako Goierri kirol elkartean eman zituen. Egun, Eibar Energia Hiria-Debabarrena taldean ari da.

Etxean txirrindularitza zaleak al zarete?

-Aita zikloturista da eta igandetan berarekin ibiltzen nintzen.

Noiz hasi zinen lasterketetan parte hartzen?

-Haur mailako lehen urtean. Hasieran jolas hutsa zen. Ondo pasatzeko egiten nuen.

Ze ibilbide osatu duzu ordutik?

-Orain arte, ez naiz onenen artean egon. Txirrindularitza jolasa zen, baina aurten serio entrenatzen eta elikadura zaintzen hasi naiz eta zerbait egiteko gai naizela konturatu naiz.

Txirrindularitza jarraitzen duten Urola Garaiko bizilagunek txirrindulari langilea zarela diote.

-Hori esaten didate: nire helburuak lortzeko gogor borrokatzen dudala. Izan ere, saiatu gabe ezin da ezer lortu. Kadete mailako lehen urtean bi lasterketa bakarrik bukatu nituen. Hurrengo urtean podium bat lortu nuen, baina gainontzeko lasterketak ozta-ozta bukatu nituen. Gazte mailako lehen urtean ere gogor borrokatu behar izan nuen lasterketak bukatzeko eta hurrengo urtean hobeto ibili nintzen.

Afizionatu mailara egokitzea asko kosta al zaizu?

-Saltorik gogorrena izaten da, talde berri bat bilatu beharra baituzu. Ozta-ozta lortu nuen. Talde askotara deitu nuen eta denek ezetz esan zidaten. Eibarkoek iraila bukaeran deitu zidaten.

Taldekoak zurekin oso gustura egongo dira...

-Gauzak ondo egiten ari naizela uste dut eta poliki-poliki gora egiten ari naiz, hankak lurrean edukita.

Zein da zure hobekuntzaren arrazoia?

-Familiakoek beti nigan sinistu dute eta asko lagundu didate. Horretaz gain, esan bezala, aurten inoiz baino gehiago entrenatzen eta elikadura zaintzen ari naiz.

Nolako txirrindularia zara?

-Igotzailea naiz, baina diesel samarra. Mendate luzeak gustatzen zaizkit. Bestalde, lasterketa gogorrak gustatzen zaizkit. Horietan, bukaerarako jende asko nekatu egiten da eta ni indartsu sentitzen naiz.

Itzulietan ere ondo moldatzen al zara?

-Bai. Aurten Nafarroako Itzulian oso gustora aritu naiz. Etapa nagusia nire gustukoa zen, zazpi mendate zituen, eta zazpigarren postuan sailkatu nintzen. Sailkapen nagusian hamaikagarren egin nuen.

Beste emaitza on batzuk ere lortu dituzu.

-Zegaman eta Beasainen bigarren egin nuen eta Espainiako Kopako Santikutz proban hamahirugarren sailkatu nintzen.

Herriko lasterketan horren lan ona egitea garrantzitsua izango zen zuretzat.

-Hala da. Inflexio puntu bat izan zen. Zerbait polita lor nezakeela konturatu nintzen.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

-Ez dut ilun ikusten, geroz eta aukera gehiago baitaude. Horrela jarrai-tzen badut, bi urteren buruan zerbait lortzea espero dut. Profesional mailara salto egiteko itxaropena dut.

Datorren urtean Eibar Energia Hiria-Debabarrena taldean jarraituko al duzu?

-Ez dakit. Talde askoren eskaintzak jaso ditut, baina talde honetan oso gustura nago.

Nola ikusten dituzu inguruko txirrindulari gazteak?

-Alex Aranburu oso lan ona egiten ari da. Gaztetatik oso ona zela ikusten zen eta profesional mailan ere hori erakusten ari da.

Nork uste duzu irabaziko duela Espainiako Itzulia?

-Oraindik oso goiz da izen bat emateko. Ion Izagirre ormaiztegiarrak postu ona lortzen badu, asko poztuko naiz. Indartsu dago. Alexek, berriz, bere burua erakutsiko du. Ziur.

Zein duzu ametsetako lasterketa?

-Donostiako klasikoa asko gustatzen zait. Umetatik joan naiz gurasoekin.

Gaztetxoen lasterketetara ere joaten al zara?

-Bai. Asko gustatzen zait. Gainera, Urretxuko taldean oso txirrindulari onak daude. Ni ere talde horretan ibili nintzen eta beraiei laguntzea gustatzen zait. Eman zidaten guztia itzuli nahi diet. Beti asko lagundu didate eta oso maitatua sentitu naiz.