Inaxio Martiarena, ALPROJA ZARAUZKO ANTZERKI ELKARTEKO KIDEA

“Ilusio handia egiten du eszenatoki gainean zaudenean Munoa guztia betea ikusteak”

Aurtengo Euskal Jaiegunean Alproja antzerkitaldearen 40. urteurrenaospatuko da eta horretarako,lehen aldiz musikal bateskainiko diote herriari

Nagore Odriozola - Jueves, 6 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 10:09h

Inaxio Martiarena.

Inaxio Martiarena.

Galería Noticia

Inaxio Martiarena.

ZARAUTZ– Inaxio Martiarena zapataria da, baina dantzaren maitale amorratua ere bai. “Saltsak” atsegin ditu eta horregatik Alproja antzerki taldean daramaki 1978an hau sortu zenetik. Urte hartan eskaini zuten emanaldia “zerbait puntuala” zela uste bazuten ere, orduztik 40 antzezlan eskaini dizkiote Zarauzko herriari Euskal Jai egunean. Guztietan izan da Martiarena eta aurtengoa, 80 partaiderekin, berezia izango dela aurreratzen digu.

Lehenengo antzezlan hura, Ezkontza Zaharrak, nola otu zitzaizuen?

–Garai hartan dantza talde batean ginen eta bai karrozak baita estanpak ere, antzezlan motzak, egiten genituen. 1978a baino urte gutxi batzuk lehenagotik ez zegoen Euskal Jai eguneko goiza betetzeko ekitaldirik eta hori horrela, lagun bati ideia hau otu zitzaion. Beste dantza talde batek ere bazuen zerbait egiteko asmoa eta azkenean haiekin elkartu eta lehen emanalditxo hura aurrera eraman genuen. Guztia tabernako mahai inguruan antolatu genuen, honi eta hari deituz. Jendeak pozik eman zigun baiezkoa.

Goizetan ezer ez izatetik kalean, antzerki emanaldi bat izatera pasatzeak, harrera ona izan al zuen?

–Bai, guztiz. Lehendabiziko urtean esaterako, hor Munoan, une hartan eskubaloikoa zen pista osoa hartu genuen antzerkia bertan egiteko. Haren inguruan hiru lerro aulki ipini ziren eta guztia bete zen. Jende askok zutik ere ikusi zuen gure emanaldia, izan ere.

Eszenatokia, beranduago heldu zen beraz.

–Urte batean, 88an edo, Pastorala ikustera joan ginen Xuberoara eta handik itzultzean, bertatik elementuk ekarri nahi izan genituen. Noski, lurrean ezin genuela halakorik egin iruditu zitzaigun eta orduan eszenatokia ipini ziguten. Beraz, hara igo ginen eta ez gara inoiz bertatik jaitsi, hantxe goian geratu gara orduztik.

Eta Galtzagorrien pertsonaiak nondik atera ziren?

–Pentsatzen jarri eta buelta txiki bat eman nahi izan genion antzerkia berari. Ordura arte emanaldietan kondairez eta historiaz hitz egiten genuen, baina norbaitek istorio haiek kontatzea nahi genuen. Horrela sortu zen Galtzagorrien ideia eta haiekin batera gaurkoratu egin genituen emanaldiak, herriko kontuak eta halakoez hitz egiten hasiz. 

Zerk bultzatu zintuen garai hartan talde honetan sartu eta gaur arte bertan jarraitzera?

–Arrazoi nagusia, egia esateko, horrelako saltsak gustatu egiten zaizkidala da. Gainera, gu hasi eta denbora gutxira beste antzerki talde bat batu zitzaigun, gurekin elkarlanean aritzeko asmotan, eta haien bultzada garrantzitsua izan zen. Horrek eta dagoeneko sortua zen lagun inguruak eraman ninduten jarraitzera, gaur arte.

40 urte pasata, zer da gehien aldatu dena?

–Hau prozesu bat da, azken finean. 30 bat urte igaro ondoren, taldeak aldaketa behar zuen ondoriora iritsi ginen eta bilera bat egin genuen. Beste ikuspegi batzuk falta zirela iruditzen zitzaigun eta bilera batean agintea aldatzea erabaki genuen. Erabaki zinez bikaina, izan ere, jende oso ona sartzen joan baitzen, ikuspegi oso zabala eta ideia handiekin. Guk geroztik bertan jarraitu dugu baina beste ardura maila batekin.

Eszenatoki gainetik ikusten duzuenak atsegina izaten jarraitzen al du?

– Goitik dena beteta ikusten da, beraz bai. Jende asko da ikustera etortzen dena, baina gainera badira inguruan dabiltzanak, arreta gehiegi ipini gabe beharbada, baina dantzan ipintzen direnak musikari esker. Eguraldiak laguntzen badu, aurten gertatuko da hori, ziur. Pasa den urtean euria egin zuen eta Aritzbatalde frontoira eraman izan behar genuenez, jendea kanpoan geratu zen. Ilusio handia egiten du horrenbeste jende erakartzeak.

40. urteurrena dela eta, aurtengo antzerkiaz zer espero behar dugu?

–Zutik dagoen orok ipurdia mugituko duela, ziur! Musikala izango da lehen aldiz, 40 Sinfonia deitu dioguna. Aurreko emanaldi batzuetan musika piezak sartu izan ditugu, baina hau lehendabiziko aldiz musikala izango da.

Zerbait eskatzerik izango bazenio Euskal Jaiari, zer izango litzateke?

–Eguraldi ona egin dezala! Munoan izan dadila antzerkia eta batez ere, jendeak gozatu dezala.