Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

1968ko maiatzaren aztarnak eta eraginak(I)

gertakari haien indar sinbolikoaz gain, egunerokoan utzi zuten eraginak gaur egun arte irauten du

Testua Euskal Pastoraltza. Argazkia Utzitakoa - Domingo, 9 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 06:01h

Gazteak kalera atera ziren 1968ko maiatzan.

Gazteak kalera atera ziren 1968ko maiatzan.

Galería Noticia

Gazteak kalera atera ziren 1968ko maiatzan.

etxeko berriak

Pariseko 1968ko maiatza denok zerbait oso berezitzat hartzen dugu. Gertaera konplexu eta azkar haiek, Berkeley eta Berlinen, Mexikon nola Pragan izan zuten elkarren oihartzuna. Gertakari haiek transzendentzia sinbolikoaz gain, bizitza arruntean utzi zuten betirako aztarna eta ondorioak egun bizi ditugu nahi eta nahi ez. Aintzinako matxinadak ez bezala, ikasle eta langileriaren porrota ez zen bere hartan itzali. Gaitzespena eta kexua ez ziren jendea goseak edo miserian zegoelako. Gizarte hartan ekonomia nahiko ongi zihoan, hiritarra kontsumitzaile bilakatzen ari zen, eta bizitza burgesaren paradigma lasai eta aspergarriak gizartea ongi izateko bidean maneiatzen zuen.

Penagarria litzateke aurten aukera hau ez jasotzea. Nor garen jakin nahi badugu, ezinbestekoa zaigu gure elikadura ezagutzea. Kultura deitzen diogu egunez egun arnasten dugun giroari, berak konturatu gabe alda gaitzakelako. Filtrorik gabe begiratzen eta entzuten duenak ez daki aukeratzen eta erabakitzen. Zenbait igandez 1968ari buruzko datuak eskainiko ditugu norberak bere irakurketa egin dezan. Zeren norabidea ezagu-tzen ez duenarentzat, haize guztiak kontrako baitzaizkio. Askatasuna ez delako indeterminazio hutsa, norbera dena izateko lana baizik. Eta askatasunak gaur zentzu kritikoa eta profetikoa eskatzen du, norbera bera izateko, barrena landu behar duelako, kanpoko indarrak edo joerak kokildu gabe. Penagarria litzateke bada, aukera bikain hau igarotzen uztea.

Hirurogeiko hamarkadan, ustez bere beharrak aseturik zituen gizartean barneko ezinegona sumatzen hasia zen

Hirurogeiko hamarkadan, ustez bere beharrak aseturik zituen gizartean, barneko ezin egona sumatzen hasia zen, nolabaiteko hutsune bat hazten ari zen gazteetan, unibertsitatean, fabriketan… Eta hori bigarren gerrate mundialaren ondoren kapitalismoak erabateko garaipena lortu zuela, hogei urtez puskatutako Europa erabat altxatu zuelako ekonomia aldetik. Estatu Batuetako sistemak, gai ikusten zuen bere burua edozein beharrari aurre egiteko, eta gizakiaren edozein egarri eta amets asetzeko.

Hala ere, paradisu horrek oinak ahulak zituen, ezin zuelako gizarte ororen miseria estali. Arrazakeria, pobrezia galanta hainbat herritarrengan, marjinazioa. Ezberdintasuna gailentzen zen aukeren berdintasuna filosofia aldarrikatzen zen lurraldeetan. Beltzen eta zurien arteko ezberdintasuna erabat deigarria zen. Arrazakeria bermatzen zuen sisteman, naziek zenbait portaera garbi ikus zitezkeen EEBBtan. Gizarte zibilen aldeko mugimenduek nolabait eman zioten hasiera mundu hartako aldaketa desioari. Nolabait itxaropenei buruzko iraultza bat hasia zen.

Estatu Batuek, gizarte idilikoaren eredua, beren oinarri zauritua erakusten zuten. Eta horrekin batera, bazirudien, edozein gauza lor zitekeela nahi izanez gero. Aukeren eta ametsen mundu perfektuan, dena zen posible. Eta ez bazen, boterea zutenek ez zutelako nahi, beraien itxurazalekeriak eragozten zuelako herriak bere izate duinaz jabetzea. Nahi bazen, posible zen paradisua lortzea. Amerikar ametsa hor zegoen edozein modutan eskuragarri. Erlijiotasun sekular berri bat hasten zen Mendebalean. Pragmatismoaren lurraldean, zeru berria eraikitzen hasiak ziren. Sinesmen eta uste berri baten sorkundea: progresismoa. Munduak eta gizarteak ezinbestean aurreraka doa eta bultzatzen gaitu, eta inmobilismoaren indar atzerakoiak dira etsaia. Berkeleyko ikasleek giro honetan bizi izan ziren 1964 udazkenean. Kanpusean mahaiak atera zituzten beren borrokarako dirua jasotzeko eta poliziaren erantzun gogorra autoritate faxistaren agerpena besterik ez zen izan beraientzat eta beste hainbeste mugimenduentzat. Arrazakeriaren aurkako borroka garbiak egungo politikarien kriterio zitalak argitaratu zituen.

Garai hartako ezkerra ere bitan zati-tzen hasia zen. Sobietar Batasunaren eragina gero eta ahulago zen gazte ezkertiarretan, Europan nola Estatu Batuetan. Ezker berri honek anarkista kutsu garbia zuen, sistemaren kontrolarengandik erabat kanpo. Zaila izan zitzaien alderdi komunistei mugimendu honi antzeman, ulertu, eta gutxiago, kontrolatzea. Gaztedia matxinatzen ari zen, baina ohiko kontrolik gabe, ez ezkerraren nola eskuinarengantik. Ez zen sistemak funtzionatzen ez zuelako protesta bat. Aitzitik, sistema hori eragingarritzat jo-tzen zuten. Funtzionatzen zuen noski, baina munduko herrialdeak zapaltzen. Vietnam dugu adibidea. Bakea zen helburua, herrien arteko anaitasuna. Aski zen nahi izatea horixe lortzeko.

Hedabideek bere lana egin zuten, eta berehala, Europara igaro zen oihar-tzuna. Korronte kontrakulturala indartzen hasia zen, publizitatea guztiz eragingarria azaldu zen urte haietan. Haize berriak ziren munduan. Kruschef eta Kennedy, Joan XXIII eta Kontzilioa, giza aurpegiko sozialismo berria, eta kontsumitzaile zen gazteria kontsumoko gizartearen aurka borroka egiteko prest. Paradoxa bikaina benetan, hirurogeiko hamarkadak ekarri zuena. Idealismoak indarra hartu zuen hainbat pertsonengan eta sistemako semeek sistemari aurre egiteko antolatzen hasi ziren. Eta Europan, unibertsitarioak Ameriketako deiari erantzuteko prestatu ziren.