Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Matxinadak eta iraultzak

egilea Mikel Garciandia - Domingo, 9 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 06:01h

Galería Noticia

2018 urtea aurrera doala, agian ez gara jabetu berrogei ta hamar urte iragan direla jada Pariseko maiatza gatazkatsu harrez geroz. Gure gizarte modernoak berebiziko erritmo eta abiadan garamatza, aldaketak etengabe eskainiz, berriak eta berrikeriak gure begi bistan ufa batean azalduz. Eta ideologien hainbat haize aldakorren iturriak, Parisen, Berkeleyn, Pragan bilatu behar ditugu. Ordurarte, Frantziako eta Errusiako iraultzak ziren eredu nagusia. Ideologia tinko eta absolutuek munduaren itxura betirako aldatu zuten. Parisekoak ordea, zerbait berria ekarri zuen. Ez zuen atzetik alderdi politiko zehatz baten bultzadarik, ikasleek eta langileriak bat egin zuten amets berri baten liluraren zirrarak eraginda. Eta irudimenaren eta utopiaren grinak, ohiko bizitza burgesa, aspergarria eta itxurazalea astindu zituen.

Politikaren esparrua bizitza arruntera zabaldu zen, eta sexualitatea, familia, autoritatea, erlijioa etab. ez ziren aurrerantzean gauza bera izanen. Bi hilabete izan ziren De Gaulleren Frantzia zilipurdika noraezeko zorabioan dan-tzatu zela. Eta ohiko zentzuak, beldurrak, zuhurtziak berriro urak bere ubidera bideratu zituen. Baina munduari aurrerantzean zerbait aldatu zitzaion, pertsonek eta taldeek edozein momentutan protagonismo nagusia har zezaketela jabetu ginelako.

Kapitalismoaren eta komunismoaren indar monolitikoek zartadurak erakutsi zituzten, kolonialismoa eta kontsumismoari itxuran behintzat alternatiba berriak atera zitzaizkien, eta paradigma burgesaren hutsa eta proposamen aspergarria bilutsik agertu zen.

Berrogeita hamar urte, eta guztiok gara matxinada liriko harren ondorio eta isla, denok daramagu John Lennonen Imagine ereserkiaren taupada, jakinik manipulazioak ez duela amaiera izan, aitzitik, gero eta sakonago dela sistemak kontrolatzeko grina eta gaitasuna. Eta horregatik, fededun, fede bilatzaile nola fedegabeok, nostalgiaz gain, pentsa genezake ea sistemaren botere ia absolutuak etsipenera eraman behar gaituen edo borrokara. Ez da ez, nolanahiko borroka.

Egilea Euskal Pastoraltzako lehendakaria da.