bertan

Ekaitz Goikoetxeak irabazi du Lazkao Txiki bertsopaper saria

M. Aranburu - 2018(e)ko irailaren 12a, asteazkena - 06:03etan eguneratua

Antolatzaile, parte-hartzaile eta saridunak, Ordizian.

Antolatzaile, parte-hartzaile eta saridunak, Ordizian.

Galería Noticia

Antolatzaile, parte-hartzaile eta saridunak, Ordizian.

ordizia- Hitzak beste inork ez bezala josteko gaitasuna du Ekaitz Goikoetxea beasaindarrak. Bertsotan beti maila txukuna eman izan du eta orain, azken urteetan bertsoak paperean idazterako orduan ere ia parekorik ez duela erakutsi du. Ordizian egiten den Lazkao Txiki bertsopaper lehiaketan aurten bera izan da irabazlea helduen mailan, kasu honetan, Zakila maite duena izeneko lan sortarekin. 27. edizioa izan da bete berri dena eta Argi Berri elkarteak Ordiziako Udalarekin batera antolatzen duen lehiaketa da.

Lehiaketara 22 lan aurkeztu dira, maila ezberdinetan banatuta. Hala, 13 urte bitartekoetan zazpi lan aurkeztu dira, 14 eta 18 urtekoetan lau lan jaso dituzte eta 18tik gorakoetan hamaika lanek parte hartu dute.

Txikienetan Zumarragako Oinatz Aramendi izan da lehen sailkatua, Zaldibiako Aner Azurmendi eta Azkoitiko Ane Arrizabalak jarraituz. Maila honetan partaide guztiek gai bera zuten: asko maite zaitut.

Gazteetan gaia librea zen eta Beasaingo Maddi Aiestaranen Kale beltza lanak jaso du puntuazio altuena. Bertan, emakume batek gauez etxerako bidean bizi dituen beldur eta bizipenak jasotzen ditu beasaindarrak. Zarauzko Aner Peritzek Biriketan lanarekin eskuratu du bigarren postua eta hirugarren saria ez da banatu, epaimahaiaren erabakiz.

Zakila maite duena bertso sortarekin gailendu da Ekaitz Goikoetxea beasaindarra, bigarren urtez. Oreretako Aitor Albisuk Zapla! bertsoekin lortu du zilarrezko postua eta hirugarren Azpeitiko Jon Gurrutxaga izan da, Despedida lanarekin.

Sari banaketa asteburuan izan da eta sarituek, sariak jaso ahala eurenbertsoak kantatu zituzten.

kasu errealaGoikoetxeak beste behin ere errealitatea hartu du oinarritzat eta bertso forma eman die gertatutakoei. Lan honetan bere zakila maite duen emakume baten larruan jartzen da beasaindarra eta ohikoa den moduan, idatziak gizarteari kritika egiteko balio izan dio. “Maiatzean diskoteka batean zakila duen emakume batek jasandako irainak, gertaera haiek gizartean nik espero bezalako oihartzunik eta erreakziorik eragin ez izana dira nigan ezinegona piztu eta bertso hauek idaztera eraman nindutenak”, azaldu dio egunkari honi.

Ez da lehen aldia gizarteari gogor erantzuten diola bertso bidez: “Badirudi jendartea lozorrotik esnatu eta mugituko bada, muturreko egoerak jazo behar direla, bortxaketak, suizidioak, hilketak... Ez gara jabetzen horrelako gertaera larriak izaten direla sarri norbanakoa bere buruaz beste egitera eramaten dutenak? Noiz zaigu besteen mina mingarri?”, dio. Duela lauzpabost urtetik egunerokoan buru-belarri murgilduta dabil identitateen eta aniztasunaren inguruan beasaindarra. “Testuinguru horretan eta lehenengo pertsonan, irainok pairatu dituen zakila duen emakumea neu izango banintz bezala jarritako bertsoak dira, gertaera salatzeaz gain, aniztasunaren eta elkarbizitza koloretsuaren aldeko aldarri izan nahi dutenak”, nabarmendu du.

Saria jasotzeak “poz ikaragarria” eragin diola ere azaldu du, “oso maitea” duen lehiaketa izateaz gain, jorratu duen gaiagatik beragatik.