Hegazkin batean kokatuko den istorioak lortu du Igartza saria

Hamabi proiektuk hartu dute parte eta Erika Elizari hernaniarraren ‘Zendabalitz’ lanak irabazi du

Gorka Martinez Esti Veintemillas - Jueves, 13 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 06:03h

Erika Elizari Igartza sariarekin, atzo Beasaingo Igartza jauregian.

Erika Elizari Igartza sariarekin, atzo Beasaingo Igartza jauregian.

Galería Noticia

Erika Elizari Igartza sariarekin, atzo Beasaingo Igartza jauregian.

donostia- Erika Elizari hernaniarrak irabazi du aurtengo Igartza saria, idazle gazteei beren proiektuak garatzeko ematen zaien beka. Sari hori CAF enpresak eta Beasaingo Udalak antolatzen dute eta aurten 21. edizioa antolatu dute.

“Aurten hamabi lan aurkeztu dira Igartza sarian eta horrek ekimena osasuntsu dagoela esan nahi du”, aipatu zuen atzo Aitor Aldasorok, Beasaingo alkateak. Beka lortzeko euskaraz kalitatez idaztea ezinbestekoa dela azaldu zuen alkateak eta iragarri zuen datorren otsailean Miren Amurizak, aurreko urteko garailea eta aurten epaimahai lanetan ibili dena, bere liburua aurkeztuko duela.

Irabazi duen proiektuaren izena Zendabalitz da. “Izenburuak iragana, oraina eta etorkizuna islatu nahi ditu”, azaldu zuen Erika Elizarik. “Eleberri hau hegaldi gorabeheratsu baten kronika da”, azpimarratu zuen. Oraindik bukatzeko dagoen istorio hau, hegazkin batean kokatzen da eta bertan 100 lagun aurkitzen dira aireportuan geldirik eta hegazkinetik atera ezinik. “Zazpi pertsonaia aukeratu ditut hegaldi horretatik eta ezusteko horrek euren buruetan kontzientzia turbulentziak sortuko ditu, haien iraganari edo etorkizunari lotuta joango direnak”, aipatu zuen.

“Nobela honetan iraganak eta etorkizunak sortu ohi dizkiguten kezkei buruzko lan bat egin nahi nuen eta ezinegon horiei buruz hausnartu, hau da, atzera eta aurrera begiratzeak onik egiten digun planteatu”, adierazi zuen irabazleak.

Elizari oso pozik zegoen saria jasotzeagatik: “Ilusioa, presioa eta motibazioa sentitzen ditut momentu honetan”. Bere esperientzia profesionala telebistan gauzatu da erredaktore lanetan, Ikus-Entzunezko Komunikazioan lizentziatua baita. Horregatik azaldu zuen eleberriak idazten berria dela eta proiektu hau izango dela literaturarekin izan duen “harreman estuena”.

Zendabalitzen egitura oraindik finkatu gabe dago baina Elizari jada lanean hasi da liburuari forma emateko: “Autobusean nentorrela ideia bat bururatu zait amaierarako”. Gainera, kapitulu bakoitza pertsonaia bati egokituko zaio, baina protagonista horien artean harremana egongo da, istorioak tartekatuko baitira: “Haien arteko interakzioak nabarmenak izango dira eta horrek irakurketa joko baten moduan planteatuko du, irakurlea haria jarraitzeko jolastera gonbidatuz”.

Bestalde, generoaren aldetik, azpimarratu zuen nobelaren muina dramatikoa dela, baina egoera horri buelta ematea lortzea dela bere helburuetako bat: “Barrea sorraraztea lortuko banu, oso ondo legoke”.

Azkenik, Joxe Begiristainek, CAFeko ordezkariak, aipatu zuen harro sentitzen dela bere erakundeak “beka hau babesteagatik” eta sari horri esker idazle berri gehiago egongo direla nabarmendu zuen.