bertan

Legazpiarrek Agorreko Santikutzak ospatuko dituzte asteburuan

Larunbateko sukaldari lehiaketan 16 taldek parte hartuko dute, inoiz baino gehiagok

Asier Zaldua - 2018(e)ko irailaren 13a, osteguna - 06:03etan eguneratua

Kale Nagusia jendez gainezka, iazko erraldoi alardean.

Kale Nagusia jendez gainezka, iazko erraldoi alardean.

Galería Noticia

Kale Nagusia jendez gainezka, iazko erraldoi alardean.

legazpi- Legazpiarrek Agorreko Santikutzak ospatuko dituzte asteburu honetan. Festak ostiralean hasiko dira, 16.30ean, haurren bizikleta festarekin. Izen-ematea 16.00etan irekiko dute, plazan.

18.30ean erraldoi eta buruhandien konpartsak kalejira egingo du, Urolatarrak txarangarekin. Ondoren, 20.00etan, bertso kalejira egongo da. Txaber Altube, Maider Arregi eta Ane Beloki bertsolariek parte hartuko dute.

21.30ean kantu afaria egingo dute Gernika plazan. Eguraldiak lagun-tzen ez badu, Azokan egingo dute. Aurten ere, Legazpiko Alaitasuna errondaila izango da gonbidatu berezia.

Ekitaldi honen barne, 21.00etan Txakelek ateratako argazkien emanaldia egongo da eta 21.15ean ogitartekoak jarriko dituzte salgai. Ardoa eta ura doan banatuko dituzte.

Biharko ekitaldiekin bukatzeko, 23.30ean Lekeitioko Deabruak taldeak Anabasa ikuskizuna eskainiko du erdiguneko kaleetan. Lekeitioko Deabruak Bizkaiko herri horretako an-tzerki taldeak sortu zuen. Su ikuskizunak eskaintzen dituzte. Mediterraneoko correfoc-ak eta Euskal Herriko tradizioak uztartzen dituzte.

Larunbateko lehen ekitaldiko protagonistak haurrak izango dira: 10.00etan bola txapelketa jokatuko dute Danantzako bolatokian. 10.30ean, berriz, duatloi txikia egingo dute Euskal Herria plazan.

Sukaldari lehiaketa 11.00etan Agorreko Santikutzetako ekitaldi nagusietako bat hasiko da: sukaldari lehiaketa. 36. edizio honetan inoiz baino bizilagun gehiagok eman dute izena. 16 taldek parte hartuko dute. Bakailaoz betetako piperrak egingo dituzte, tomate saltsan.

11.30ean erraldoi alardea egongo da erdiguneko kaleetan. Añorgako, Barakaldoko, Corellako eta Legazpiko erraldoiek parte hartuko dute, Urolatarrak txarangak, trikitilariek eta dultzaineroek lagunduta. 14.00etan sukaldari lehiaketako sariak banatuko dituzte, Azoka gunean.

Arratsaldean ere hainbat ekitaldi egongo dira. 15.30ean Andraitz saskibaloi taldeak sustatutako 3x3 txapelketa jokatuko da, Euskal Herria plazan. Eguraldi txarra egiten badu, Azoka gunean jokatuko dute.

17.30ean atletismoko milia hiritarra jokatuko dute Aizkorri kalean. 18.00etan erraldoiak berriro kalera irtengo dira eta Telleriarteko talogileek taloak egingo dituzte Gernika plazan. Eguraldi txarra egiten badu, Urbeltz pilotalekuko arkupeetan egongo dira.

19.00etan, berriz, Asturiaseko Arguelles-Siero herriko El Piñote taldeak dantza saioa egingo du Euskal Herria plazan. Eguraldi txarra egiten badu, Urbeltz pilotalekuan dantza egingo dute. Bukatzeko, 23.30ean Ilargi Beltza taldearekin dantzaldia egongo da plazan.

Igandean Gorostiagara igoera egingo dute. 09.00etan txistulariek diana joko dute, 10.00etan herrialde mailako bola txapelketa jokatuko da, 10.30ean hamaiketakoa egingo dute Gorostiagan, 11.00etan meza egongo da toki berean eta 11.45ean erromeria egingo dute txistulariekin.

Arratsaldean ere ekitaldiak egongo dira. 16.00etan herri mailako plater tiraketa jokatuko dute. 18.00etan Zirika Zirkus taldeak Egunon, sikiera ikuskizuna eskainiko du erdiguneko kaleetan eta 19.30ean musika bandak kalejira egingo du.