Ibarrako piparra izango da igandean jaun eta jabe

Azoka bereziaren baitan, lehiaketa gastronomikoa, piparraren topaketa, artisauak, ekoizleak, askotariko postuak eta ganadua izango dira

Marta San Sebastianen erreportajea - Viernes, 14 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 06:03h

Lehiaketa gastronomikoko epaimahaikideak iazko azokan.

Lehiaketa gastronomikoko epaimahaikideak iazko azokan. (Argazkia: Ibarra Kultura)

Galería Noticia

Lehiaketa gastronomikoko epaimahaikideak iazko azokan.

Ibarrako baratzeko erreginak omenaldi berezia jasoko du igandean. XIX. aldiz azoka berezia ospatuko dute ibartarrek piparraren inguruan. Beste behin, iraileko hirugarren igandearekin bat eginez, herria azoka bihurtuko du Hauspoa Kultur Elkarteak Udalaren laguntzarekin eta bertan, artisauak, ekoizleak, ganadua, lehiaketa gastronomikoa eta piparraren topaketa izango dira, 10.00etatik 14.00etara.

Ekimenak, postuak eta ikustekoak eremu ezberdinetan kokatuko dira. Emeterio Arrese gune garrantzitsua izango da. Bertan, Tolosaldeko XXI. ezti lehiaketa eta erleen inguruko erakusketa eta elikagaien postuak jarriko dira. Aipatzekoa, Ordiziako lehiaketan Patxi Izagirreren Montes etxeak aipamen berezia izan zuela asteroko azokako postuetan eta Ibarrako azoka honetan ere ohikoa izaten da euren postu ikusgarria.

Frontoian, berriz, Euskal Herriko XIV. Lehiaketa gastronomikoa egingo da, non lehiakideek sei gilda eta Ibarrako piparra osagai nagusia duten beste sei pintxo egin beharko dituzten. Lehiaketan, maila handiko epaimahaikideak izango dira aurtengoan ere: Hilario Arbelaitz (Zuberoa, Oiartzun), Matias Gorrotxategi (Julian Erretegia, Tolosa), Juanjo Mendioroz (kritikari gastronomikoa, Donostia) eta Saioa Martinez (Martinez jatetxea, Ordizia).

Ohi moduan, Arane iturriaren inguruan herriko ganaduzaleek euren animaliak erakusgai jarriko dituzte eta San Bartolome plazan, aldiz, artisauak, argazki erakusketa, pintura tailerraren erakusketa eta gorputz margoketa izango dira.

Azkenik, plazako aterpean Euskal Herriko Pipar Topaketa izango da. Ibarrako ekoizleak, Gernikako Piparra, Pikilloa, Ezpeletako piparra, Biper eztia izango dira, eta txoko gastronomikoa ere bertan kokatuko da. Era berean, eremu honetan tailerra eskainiko da piparrak nola zintzilikatu ikasteko.

Aurtengoan, omenaldi txiki bat egin nahi zaio Xabi Fernandezi eta bere bizitza profesionalaren argazki erakusketa izango da plazan. 1976ko urrian Ibarran sortutako kirolaria Iker Martinez de Lizarduirekin batera belako 49er diziplinan aritzen zen. Bi aldiz izan da munduko txapelduna (2004an eta 2002an) eta hirutan Europakoa (2002, 2007 eta 2008). 2008ko Olinpiar jokoetan zilarrezko domina lortu zuen. Volvo Ocean Race munduko lasterketa ospetsuan ere lau aldiz hartu du parte.