Ziritik

Korapiloa

Xabier Euzkitze - Domingo, 30 de Septiembre de 2018 - Actualizado a las 06:03h

Herenegun, ostiral goizarekin, Euskadi Irratia entzunez nindoan lanera, ohi bezala, Maite Artolaren etaFaktoriako lan-talde osoaren lan bikainaz gozatuz. Behin behar eta, genero-indarkeria zuten albiste. Ane Iruretagoiena kazetaria hasi zen Bilboko Ollerieta kalean izandako hilketaren berria garatzen, gaiak eskatzen zuen tonu serioaz. Goizean zehar aurrez ere emana zuen berri hori, baina bi alabatxoek amaren hilotzaren ondoan 28 ordu igaro zituztela esaten hasi zenean, amildu egin zen, eta zotinka hasi.

Hurbilekoak astintzen gaitu. Gu geu itolarri batean egon ginen hil zuten emakumearen izena entzun genuenean: Maguette. Izan ere, gure etxean bizi izandako haurretako baten amak izen berbera du. Beste bat zela jakin genuenean, haurrari diogun amodio eta onginahiagatik, lasaitu galanta hartu genuen. Eta, aldi berean, Senegali eta senegaldarrei diegun estimu izugarriaren eraginez, ohiz kanpoko mina eman zigun hilketa basatiak.

Ez dut uste Ane Iruretagoienak Maguette ezagutuko zuenik, edo hil duen senarra, edo amaren hilotzaren ondoan hainbeste ordu pasatu zituzten haurtxoak. Baina, nonahi bizi garela ere, denontzat hurbil-hurbileko afera da. Gero eta maizago iristen zaizkigu emakumeen aurkako erasoen albisteak. Matxismo itogarriaren adierazpenik lazgarrienak dira, baina izurri jasanezin bat dute oinarrian.

Albiste bat ematen ari den kazetariak emozioak kontrolatu egin behar ditu berez, kontatzen ari denarekiko gutxieneko distantzia afektibo bat izan. Distan-tzia afektiboak, baina, fisikoekin batera ezabatu dira. Labana batek moztu zion lepoa Maguette gaixoari, ondoez kolektibo batek eztarrian korapiloa jarri Aneri, trajeria beldurgarri batek bihurritzen zintzurra ezin bizizko gizarte honi.