Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

NUP-ek proiektu bat koordinatu du matematika irakasteko modua hobetzeko maisu-maistrak prestatzeko graduetan

ANFoMAM proiektuak 21 trisomia dutenen ikaste-prozesua aztertuko du, eta Erasmus+ programaren 231.510 €-ko finantzaketa lortu du

DN - Lunes, 1 de Octubre de 2018 - Actualizado a las 19:53h

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) koordinatzen du Europako ANFoMAM proiektua (Haurrengandik ikasi, maisu-maistrak matematikaren arloan trebatzeko). Erasmus+ programaren 231.510 €-ko finantzaketa lortu berri du elkartze estrategikoen arloan. Proiektuaren helburuak dira, batetik, material pedagogiko berritzailea diseinatzea matematika irakasteko (maisu-maistra direnak eta izango direnak trebatzeko), eta, bestetik, eskola inklusiboagoa bihurtzea;izan ere, metodologiak diseinatzeko, 21 trisomia duten haurren ikaste-erritmoari behatuko zaio, erritmoa motelagoa denez hobeto ikertzeko bidea ematen baitu. 2018ko irailean hasiko da proiektua, eta hiru urte iraungo du.

NUPek eta beste instituzio batzuek aliantza estrategiko bat osatu dute ANFoMAM proiekturako, hauek zehatz-mehatz: Zaragozako eta Bordeleko unibertsitateak, Roma Tre Unibertsitatea, Down Sindromeari buruzko Ikasketen Aragoiko Elkartea eta Associazione Tokalon, maisu-maistrei etengabeko prestakuntza emateko Italiako elkartea. Bazkide ez-formalak dira Nafarroako Gobernua, Alcalá de Henareseko Unibertsitatea, Big Van Theory Elkartea, UpToYou Fundazioa eta Hanburgoko Unibertsitatea. Proiektuaren koordinatzailea Inmaculada Lizasoain Iriso da, NUPeko Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakaslea, Material Aurreratuen Ikerketa Institutuko kidea (INAMAT) eta Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Unibertsitate Masterreko irakaslea.

ESKOLA INKLUSIBOA ETA METODOLOGIA BERRITZAILEAK

Proiektuaren helburuetako bat da material pedagogikoa diseinatzea eta lantegi formatuan inplementatzea maisu-maistrak prestatzeko graduetako Matematika eta haren Didaktika irakasgaian. Hala, irakaslegaiek ikuspegi zabalagoa izango dute eskola-matematikari buruz, eta matematika irakasteko estrategia berriak ezagutuko dituzte, zeinek metodologia aktiboak eta kontzeptuen eta prozeduren ulermena konbinatzen baitituzte. Material pedagogiko berria egokitu egingo da gaur den egunean irakasle-lanetan ari direnentzako matematikaren inguruko trebakuntza ikastaro bat diseinatzeko (etengabeko trebakuntza).

Materiala diseinatzeko inspirazio iturria 21 trisomia duten haurrekin Zaragozako Sesdown elkarteak egiten dituen lantegiak izango dira, eta elkarte horretako haurrentzat ere diseinatuko dira material didaktiko berriak proiektuaren barruan. “21 trisomia duten haurrek besteek baino mantsoago ikasten dutenez, hobeto aztertu ahalko dute haien ikaste-prozesua, eta hori lagungarria izango da argitzeko zein den modu onena matematika oro har irakasteko”, dio Lizasoainek.

Metodologia aktiboak aukeratu dira ikasleen askotariko beharrei erantzuten dietelako, betiere hezkuntza inklusiboaren ereduaren baitan, hau da, “haurrak desberdintzen dituzten ezaugarriei begiratu beharrean, berdintzen dituzten ezaugarriei erreparatuz”, dio proiektuaren koordinatzaileak.

“Proiektu hau egiteko sorburua honako hau izan zen: egiaztatu da ikasle askok ezinikusia diotela matematikari irakasgai itxi eta errutinazko gisa irakasten denean”, azaldu du Lizasoainek. “Normalean, aritmetikaren bidez irakasten da matematika, eta hori aspergarria da haurrentzat. Proiektu honetan, geometria erabiltzea proposatzen da, intuitiboagoa baita eta errealitatetik hurbilago baitago, eta horrela haurrei laguntzen zaie matematika hobeto ulertzen eta ikasten duten bitartean disfrutatzen”, dio koordinatzaileak.

NUPen aldetik, María Jesús Campión Arrastia, Raquel García Catalán eta José Antonio Moler Cuiral irakasleek ere parte hartzen dute proiektuan, Estatistika, Informatika eta Matematika Sailekoak dira denak eta NUPen INARBE, INAMAT eta ISC ikerketa-institutuetako kideak, hurrenez hurren. Horietaz gainera, Alicia Peñalva Vélez, Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakaslea, eta Nazioartekotzerako eta Lankidetzarako Ataleko Begoña Ballaz Torres eta Judit Pérez Moriones ere proiektuko taldeko kide dira.