Erripan gora

Kupularik ez

Por Enrike Diez de Ulzurrun - Domingo, 7 de Octubre de 2018 - Actualizado a las 06:02h

Galería Noticia

Giza kate jendetsua izan zen. Mutur bat, Iruñeko espetxe zaharrean. Bertzea, Aitzoaingo kuartelen parean. Ez dakit ekintza hartan parte hartutakoen artean, inork ere pentsatuko ote zuen leku horietako bat Intsumisio Parkea izanen zela denboraren joanean. Atzodanik halaxe da. Espetxearen eraikina falta da, ordea. Aurreko udal agintariek ziztuan eraitsi baitzuten inorekin solas egin gabe, zakurrendako kaka-toki bat paratzeko, horrek dena ahazten lagunduko zuelakoan. Eraikin hura zutik eta birmoldaturik, toki aproposa izanen zen deus ez ahazteko eta hamaika gauza ahanzturatik erauzteko, bertze zenbait hiritan egin duten gisara. Hain zuzen ere, horrexegatik bota zuten. Hura zorigaiztoko lekua izan zen, sufrimendu latza bizi izan baitzen horma sendo eta ilun haien artean, luzaroan. Takonera ondoan eraiki baitzen 1907an;hau da, garai hartako hiriaren kanpoaldean. Orain, orubea, gutxienez, memoriaren lekuetako bat izanen da memoriaren gune ofizialen zerrendan.

Espetxe zaharraren inguruan gertatuak hizpidea ematen digu bertze leku batzuez mintza- tzeko. Ezkaba mendiko gotorlekuak, konparaziora, ahalik eta lasterren pasatu beharko luke agintari zibilen eskuetara, Defentsa ministerioaren menpean baitago, eta bidenabar errateko, arras abandonatua. Espetxea hondeamakinek eraitsi zuten. Ezkabako ziega-zulo erraldoi izandako hura, ordea, utzikeriak. Eta hirian berean badugu bertze eraikin handi hori. Zer egin? Lau proposamen dira mahai gainean;mantendu, eraldatu, ordeztu edota eraistea. Eztabaida borborrean hasi da, baina argi dago eraikina bera diktaduraren ikurra dela, garai beltz hura goresteko eraikia, eta nekez eman dakiokeela bertzelako erranahirik. Hortaz, ongi legoke zinez, egunen batean, begirada Gazteluko plazatik Karlos III.a etorbidean pausa- tzean, batere kupularik ez ikustea han, bukaeran.