Azken hamarkada hauetan euskararen egoerak Euskal Herrian izandako bilakaera ukaezina da. Azken inkesta soziolinguistikoak datu oso desberdinak isla-tzen ditu lurraldeen arabera baina, oro har, badirudi orain arte lortutakoa mantendu egin dela. Hala ere, euskarak atzerapausoak ematearen arriskua ere sumatu daiteke, euskaldunon hizkuntzaren aurkako azken epaiak medio. Etorkizun zalantzakor hori argitu asmoz, egunkari honek bi ahots adituren iritziak ekarri nahi izan ditu gogoeta horretara: Kike Amonarriz, soziolinguista eta Euskaltzaleen Topaguneko presidentearena, eta Olatz Altuna ikerlari eta Soziolinguistika Klusterreko kidearena.

VII Inkesta Soziolinguistikoak plazaratutako emaitzei dagokienez, Amonarrizek “egoera konplexu baten erradiografia” direla dio, “euskararen konplexutasuna eta faktore aniztasuna” islatzen dituelako. Altunak, berriz, balorazioa egiterakoan hizkuntza gutxitu guztien egoerara zabaltzea komenigarria dela dio: ingelesaren gisako “hizkuntza hegemonikoak geroz eta hegemonikoagoak” diren egungo garaiak ez omen dira “onenak hizkuntza gutxituentzat”. Hala ere, Soziolinguistika Klusterreko ikerlariari “balioan jartzeko modukoa” iruditu zaio euskararen erabilera datuei eutsi izana, eta Topaguneko presidenteak berriz, hizkuntzaren ezagutzan izandako hobekuntza, “haur eta gazteen artean ematen ari dena, indargune handi bat” dela azpimarratu du.

Lurralde batetik bestera, baina, oso bestelako egoerak antzematen dira. “Administrazio eremuen araberako hiru joera” identifikatu daitezkeela azaldu du Altunak: hobekuntza EAEn, beherakada Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan, “gorabehera txikiekin” mantentze itxura. Ezberdintasunaren atzean, alde batetik “arrazoi politiko-instituzionalak” daudela argudiatu du Amonarrizek; “euskararen egoera legala oso ezberdina da hiru lurraldetan eta horrek eragin nabarmena eta zuzena du”. Bestalde, testuingurua eta hainbat alderdi sozial kontuan hartu behar direla diote bi adituek, herritarrek euskararekiko erakusten duten atxikimendua bera ere,adibidez, adierazgarria izan baitaiteke ezagutza eta erabilera ulertzerako garaian.

1991.. urtean lehen inkesta soziolinguistikoa plazaratu zenetik, “batez ere Hegoaldean, bistan da euskararen egoera asko hobetu dela”, Amonarrizen esanetan. Azken 30 urteotako ibilbidea eta bilakaera bi etapatan bana-tzen ditu adituak: alde batetik, 2005era bitartekoa, non “hazkuntza orokorra” izan baitzen “bai ezagutzan, bai erabileran, baita jardueretan ere”. Azken 15 urtetan, ordea, “hobekun-tza hori galgatu egin” omen da, hainbat faktore direla medio: izan “aldaketa soziodemografikoak”, izan “teknologien eragina edo ikus-entzunezkoen kontsumoa”, edo izan “indibidualizaziorako eta fragmentaziorako joera handia”, dio Amonarrizek.

Ibilbide horretan barrena, euskal hiztunen profila ere asko aldatu dela berretsi du Altunak. “Urte luzeetan gurasoengandik euskara jasotzea izan da euskaldun egiteko modurik ohikoena, eta hori da euskaldunen profila baldintzatu duena” historikoki; hau da, “familia transmisioa izan da gakoa”. “Azken 3-4 hamarkadetan joera aldatu egin da, eskola bidezko euskalduntzeak hartu du pisua”, ikastetxeetan zein euskaltegietan.

Horrek “hizkuntzaren menperatze maila oso desberdinak ekarri dituela” aipatu du Altunak. Era berean, euskaldunen adinak ere behera egin du. “Gaur egun, haurrak eta gazteak dira euskara gehien erabiltzen dutenak eta ez zen horrelakorik gertatzen duela 30 urte”, ekarri du gogora ikerlariak. Askotan biztanle-talde horri garrantzia handia ematen zaio, “eta neurri batean normala da, etorkizunaren erakusle” direlako. Joera horrek, hizkuntzaren biziraupena ziurtatu ez ezik, berrikuntza ere suposatzen du. Izan ere “adinekoak dira, gaur egun, munduko hizkuntza gutxitu gehienetan, hizkuntza hori gehien erabiltzen dutenak. Euskararen kasuan, adin piramide hori iraultzea lortu da”, nabarmendu du Altunak.

Hala ere, azken garaiotan badago euskara atzerapausoak ematen ari ote denaren sentsazioa, edo traba gehiago jasaten ari denarena bai behintzat. Epai judizialei dagokienez, Gipuzkoako Aldundiak argitaratutako lan-eskaintza batean euskararen ezagu-tza eskatzea deuseztatu zuenaren gisa, “herritarrek behin eta berriz erakutsi duten borondatearen kontrako epaiak direla”, gaitzetsi du Altunak eta horrelako erabakiak hartzea “kezkagarria” iruditzen omen zaio.

Horrez gain, euskararen kaleko erabileraren 2021eko azken datuek “irakurketa gazi-gozoa” dutela esan du Amonarrizek; 2016ko datuak berdindu bai, baina 2006ko topea baino baxuagoa delako. Beraz, martxan “bagoaz, baina ez daukagu aurrerapen argirik”. Covidak, gainera, euskararen hainbat ahultasun agerian utzi omen ditu, Topaguneko presidentearen esanetan; adibidez, “familia erdaldunetako haur eta gazteek zeinen erraz egin zuten atzera euskararekiko kontaktuan eta erabileran”. Baina egun badaude argi-izpiak ere, “herritarrek euskararen aldeko atxikimendu handia erakustea” oroitarazi baitu Amonarrizek; 2022an nabarmena izan zen, eta Euskaraldia, Korrika, Durangoko Azoka eta beste hainbat ekitalditan garbi asko sumatu ahal izan zen. “Bidegurutze batean gaude, baina bertatik atera gaitezke, baldin eta behar diren palankak erabiltzen baditugu”, berretsi du soziolinguistak.

Etorkizunerako erronkak identifikatzerako garaian, “ikerketak funtzio garrantzitsua bete behar duela” azpimarratu du Altunak, “hizkuntzari lotutako joera eta dinamika sozialak ulertzea ezinbestekoa” delako. Gai jakin batzuk aipatzekotan, “haur eta gazteen euskararen ezagutza-maila egokia bermatzea”, “hizkuntza ohituren aldaketak lantzea” edota gazteak heldu-arora iristean euskararen presentzia handiagoa izaten saiatzea inportantea dela dio, besteak beste. Baita transbertsalki aritu, eta “gizartea eraldatzeko ahalmena erakutsi duten mugimenduekin” elkarlanean aritzea ere, feminismoarekin, ekologismoarekin eta beste hainbatekin.

Amonarrizek, berriz, “ardatz nagusi batzuk aktibatu beharrekoak” direla azpimarratu du; hala nola, “herritarren atxikimenduan sakontzen jarraitzea”, edota esparru jakin ba-tzuetan “hizkuntza-politikak areago-tzea”; batez ere, eremu formalean eta haur guztiek hezkuntzatik irtendakoan euskaraz jakingo dutela ziurtatuko duten ekimenetan. Gainera, “euskararen babes politiko-legalean sakondu beharra” ere ezinbesteko-tzat jotzen du. Eta aldarrikapenen bat? Ofizialtasuna Euskal Herria osoan, “epe motzean gertatuko ez bada ere, epe ertainari begira lantzen jarraitu behar duguna”. Egun batetik bestera nekez gertatuko da, baina zerumugan irudikatzea posible baita.