Gure eskolako Hezkuntza Komunitateko kide diren gurasoen elkarteko buruak bere esperientzia eta bizipenei buruz hitz egin digu.

Zer suposatzen du Hegoalde Ikastolako IGEko lehendakaria izateak?

–Niretzat pozgarria da; oso gauza polita da umeentzat familiekin batera lan egitea. D ereduan familiekin lan egiten da, beste hizkuntza-eredu batzuetan ez bezala eta haurrek ere ikastolan ikasten duten zerbait da. IGEk kanpoko laguntzarik gabe kudeatzen ditu proiektuak eta aurrera ateratzen ahalegintzen da.

Zein izan da postu honetan izan duzun erronkarik handiena?

–Pertsona guztiak ilusionatzea eta ikastola hobetzeko proiektuetan parte har dezaten lortzea. Gure helburu guztiak betetzeko ezinbestekoa da erakunde publikoek gureak bezalako ikastetxe eta erakundeei laguntza ematea.

Aurten eskolako beste familiekin patioko proiektua mugitu duzu...

–Gure patioa hobetzeko eta berritzeko beharra zegoela ikusita mugitu dugu. Jolastokia ikuspuntu hezkidetzaile batetik egin zen eta horretan sakondu nahi genuen. Gainera, familiak lotu eta inplikatu nahi genituen seme-alaben hezkuntzan eta aisialdian.

Nolakoa izan da esperientzia?

–Esperientzia oso ona izan da nire-tzat. Eskerrak eman behar dizkiot ikastetxeari beraiekin lan egin ahal izateagatik eta esan behar dut asko ikasi dut familiengandik zein irakasleengandik; iraungo duten harreman eder esta estuak sortu ditugu.

Zer duzue pentsatuta datorren ikasturtean ikastolan egiteko?

–Familien inplikazio handiagoa lortu eta auzolanean lan egiten jarraitzea ikastola barrutik ere hobetzeko. Gainera, jantokirako aldaketa prestatzen ari gara, ikuspegi ekologiko eta osasungarria eman nahi baitiogu. Horrekin batera, sukaldeari eta jantokiari buelta bat eman nahi diegu, etekin handiagoa ateratzeko.

Nola ikusten duzu ikastola hemendik urte batzuetara?

–Nik uste dut ereduak indartsu jarraituko duela; horrelako ikastolek, txikia eta familiarra, arrakasta handia izaten jarraitzen dute. Pertsonalki, haurrei orain arte bezala irakasten eta hezten askoz ere urte gehiago jarrai-tzea espero dut.