Udaberriarekin batera iritsi ohi da Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) ikastaro berrien eskain-tza. Ikastaroen 51. edizio honetan, atzo Aitor Bengoetxea UEUko zuzendariak eta Irati Iciar udako ikastaroen arduradunak iragarri bezala, 17 jardunaldik osatuko dute programa, “euskal gizartearentzat garrantzitsuak diren gaien inguruan hausnartzeko helburuarekin”. Hala, “arnasgune akademiko eta euskaldunen topagune” bezala definitu dituzte ikastaroak arduradunek.

Ekainaren 12tik uztailaren 12ra bitartean eskainiko dira ikastaro guztiak, Eibar, Baiona, Iruñea, Gasteiz, Bilbo, Errenteria, Tolosa eta Usurbilen; eta 10 euro balioko dute matrikula guztiek, antolatzaileek aditzera eman bezala, “ahalik eta jende gehiagok parte hartu dezan”. Iruñean bi ikastaro eskainiko dira. Alde batetik, “Euskal Herri maitea, afektuak eta euskal askapen desira gaur egun”, ekainaren 27an eta 28an. Iratzar Fundazioarekin elkarlanean antolatutako tailer honek 15 orduko iraupena izango du eta Katakraken emanen da. Bestetik, “Loditasuna ikuskera neomaterialistatik. Teoria de esperientziak”, ekainaren 28an eskainiko da Itziar Reguero, Laura Galar eta Mijo Lizarzaburu irakasleen eskutik. Kasu honetan egun bakarrean eskainiko da, 9:00ak eta 17:00ak artean, Ezpeleta Jauregian.

UEU-ren webgunean kontsultatu daitezke dagoeneko osasungintza, hitzkuntzalaritza, gizarte mugimenduak edo filosofia, besteak beste, mintzagai dituzten ikastaroen zerrenda eta dagoeneko eman daiteke izena ere. Iciarrek azpimarratu bezala, ikastaro eta tailerrek aurreko edizioetako ezaugarriak mantenduko dituzte: “Aurrez aurrekotasuna ezinbestekoa da udakoetan, jendeak hausnarketa egiteaz gain, elkar ezagutu eta komunitatea trinkotzea baitute helburua. Horietaz gain, kalitatea da beste ezaugarrietako bat. Gure antolatzaileak adituak eta arituak dira proposatzen dituzten gaietan eta horiek mima-tzen saiatzen gara. Udakoak arnasgune akademikoa dira bertara hurbiltzen direnentzat eta baita euskaldunen topagunea ere”.

Programako eduki guztiak lankide-tza oinarritu direla ere adierazi du ikastaroen arduradunak. “Hainbat eragilerekin batera antolatu ditugu: Kontseilua, BadaLab, Jakin, Aldee, Gezki… Eta jende multzo zabalak izena eman dezake bertan: alorreko profesionalak eta adituak, gaian interesa dutenak eta, azken finean, euskaldun guztiek”.

Izan ere, aurten “gogoeta eta elkargune” bilakatu nahi ditu ikastaroak UEU-k. “Hori baita UEUren funtzioetako bat”, adierazi du Bengoetxeak berak, “Euskal Herriarentzat garran-tzitsuak diren gai eta eztabaidentzat gune akademiko euskaldun bat eskaintzea gure gizartea aberatsagoa izaten laguntzeko asmoz”.

Iaz, mende erdia bete zuen UEU-ren ekimenak, zuzendariak gogora ekarri zuen bezala. “Donibane Lohitzunen egin ziren lehen Udako Ikastaro horiek hainbat euskaltzalek eta erakundek bultzatuta, euskara unibertsitatean ere erabili zitekeela sinetsi zutelako”. Orduz geroztik, urtero-urtero, bost hamarkadetan zehar UEUren Udako Ikastaroek ez dute hutsik egin udako beraien hitzordura.

Iruñeko ikastaroak

‘Euskal Herri maitea, afektuak eta euskal askapen desira gaur egun’. Ekainaren 27-28an. Lekua: Katakrak. Ordutegia: asteartea-asteazkena, 10:00-17:30 eta 10:00-13:00. Antolatzailea: Iratzar Fundazioa eta UEU. Iraupena: 15 ordu. Matrikula epea: ekainaren 21a arte.

‘Loditasuna ikuskera neomaterialistatik. Teoria eta esperientziak’. Ekainaren 28an. Lekua: Espeleta Jauregia-Nafarroako Eskola Kontseilua. Ordutegia: asteazkena, 9:00-17:00. Irakasleak: Itziar Reguero, Laura Galar eta Mijo Lizarzaburu. Iraupena: 10 ordu. Matrikula epea: ekainaren 21a arte.

Xehetasunak. Gainontzeko ikastaroen zerrenda osoa eta izen-emateak, UEU-ren webgunean: www.ueu.eus.