Bertsolari Txapelketa Nagusia aurrera doan, urratsez urrats. Finalaurrekoen faseko lehenengo itzuliaren bigarren saioa ospatuko da gaur, arratsaldeko 17:00etan, Donibane Garaziko Jai Alai pilotalekuan. Sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian eta, oraindik sarrerarik gelditzen badira, pilotalekuko ateak saioa hasi baino ordubete lehenago irekiko dira.

Donibane-Garazira iritsiko da gaur Bertsolari Txapelketa Nagusia Utzitakoa

Aitor Etxebarriazarraga, Amets Arzallus, Asier Azpiroz, Aritz Mujika, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran izango dira oholtzara igoko diren sei bertsolariak. Gai-emaile lanetan Zihara Enbeita Gardoki arituko da.

Azken txapelketako finalista eta 2013ko txapeldun nagusi izandako Arzallusentzat lehenengo oholtzaratzea izanen da hau txapelketa honetan, eta bertan aurkituko da final-laurdenetan indartsu datozela erakutsi duten bertsolarietako batzuekin: Mujikak Gasteizen eraman zuen garaipena eta Iguaran puntuazio sailkapeneko lehenengo postuetan egon da.

Txapelketaren fase honetan, honako ariketak egin beharko dituzte bertsolariek: zortziko handia, zor-tziko txikia, puntuka, sei puntuko motza eta ganbarako lana. Finalaurrekoen lehenengo itzuli honetan epaile lanetan Ainhoa Arregi Elosua, Bakarne Urreaga Etxeberria, Ekaitz Elorriaga Anduaga, Eneritz Azkue Basurko, Joseba Beltza Bengoetxea, Joseba Santxo Uriarte eta Maialen Berra Zubieta arituko dira.

Gaurko saioko garailea zuzenean sailkatuko da azaroaren 19an Amurrion jokatuko den bigarren itzuliko finalaurrekora. Bertan, joan zen asteburuan Elizondon garaipena eskuratu zuen Alaia Martinekin eta puntuazioz sailkatuko diren beste lau bertsolarirekin arituko da. Datozen bi asteburuetan jokatuko dira fase honetako azken bi finalaurrekoak, Irunen eta Durangon.

Bai saio honetarako bai hurrengoetarako sarrerarik eskuratu ez duenak internet bidez jarraitu ahal izango ditu finalaurreko guztiak, zuzenean bertsoa.eus eta eitb.eus atarietan; baita telebistaz ETB4 katean ere.

1go finalaurrekoa

  • Donibane-Garaziko Jai Alai pilotalekuan, 17:00etan. Aitor Etxebarriazarraga, Amets Arzallus, Asier Azpiroz, Aritz Mujika, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran. Gai-jartzailea: Zihara Enbeita Gardoki.
  • Sarrerak. www.bertsosarrerak.eus. Leihatilan, 15:00etatik aurrera.
  • Zuzeneko emisioa. Saioa internetez jarraitu ahal izango da bertsoa.eus eta eitb.eus atarietan. Telebistaz ere jarraitu ahal izango da, ETB4 katean.