Aurreiritzi eta estereotipoei kasurik egin gabe eta konplexu ororen gainetik, hip-hop eta trap erritmoak pop doinu zein rock klasikotik hurbilado dauden gitarra eta bateria soinuekin nahasiz. Horrelakoa da Aitor Bengoetxeak, Bengo bezala ezagunagoak, sortzen duen musika. Oiartzuarrak 2020an plazaratu zuen Denbora lehenengo singlea eta urtebete beranduago iritsi zen 4taupada, lau abestiz osatuta. Lehenengo lan hauek bere kabuz sortu eta ekoiztu ondoren, urte hasieran kaleratu zuen Bizirik lan luzea, artean Ben Yart, Nacho Vegas, El Columpio Asesino edo Olaia Inziarte bezalako izenak biltzen dituen Oso Polita etxearen babespean.

Azken lan honen eskutik Gaztea Saria eskuratu duzu berriki. Zorionak, beraz.

Bai, egia da nik ez nuela saria irabaztea espero. Jendeak beren bozkekin emandako sari bat da eta, alde horretatik, ilusioa egin dit. Artista asko geunden izendatuak, artista izateaz gain lagunak ere badirenak horietako asko. Jendearen babesarekin gelditzen naiz.

Urtarrilaren 20an plazaratu zen ‘Bizirik’ diskoa eta ordutik handituz joan da etengabe Bengoren itzala. Nola bizitzen ari zara une hau?

Oso pozik, kontzertu asko ematen ari gara eta jendearen babesa ikusten ari gara. Disko horretako ahots gehienak nire etxean, nire logelan grabatu nituen, eta nolabait sorkuntza prozesu hori izan duen disko batek jendearengana iristeak eta gustatu izanak, gauza gehiago egiten jarraitzeko motibazioa ematen dit.

Oso Polita etxearen fitxaje berria ere bazara. Urrats garrantzitsua izan da zuretzat?

Alderdi askotan lagungarria da, adibidez, kontzertuak adosteko. Musika egiterako orduan metodologia berdina erabiltzen dut, azkenean lagun artean sortzen dugun musika delako, eta beraiekin lana egiteak segurtasun puntu bat ematen du. Musikaren munduan, musika sortzeaz gain beste arlo asko daude eta, ni bakarlaria izanda, oso lagungarria da Oso Politaken egotea dena batera eramateko.

‘Galduta’ abestiak irekitzen du diskoa, baladatik hurbil dagoen kantu bat. Zergatik, hain zuzen, abesti hau?

Diskoak badauka kontzeptu bat: bizirik egotea. Niretzat, pertsonalki, bizirik egotea gaizki egotetik ongi egotera igarotzen den prozesu hori da. Eta ez da prozesu lineal bat, bere gorabeherak dituen bide bat da. Hortik doa kanten ordena ere. Galduta, esan duzun bezala, balada triste moduko bat da; eta hortik aurrera diskoa gora doa, tartean beherakada batzuk badituen arren. Igo-jaitsi-igo-jaitsi horretan dabil, eta horrek azpimarratzen du diskoaren esanahia.

Hain zuzen ere, bigarrenarekin energia eztanda dator. Bakarrik, plataformetan erreprodukzio gehien dituen kanta dugu. Akaso pop arlora gehien hurbiltzen den abestia ere izan daiteke, estiloari dagokionez?

Egia da pop generoko kanta bat dela, eta bere baitan igoera eta jaitsiera asko ditu, bai ahots aldetik baita instrumentazio aldetik ere. Triste zauden momentu batetaz hitz egiten du, norbait faltan botatzen duzun une bat, goizeko bostetan edo seiretan. Bakarrik egoteko momentu hori bestatik etxeratzen ari zaren momentu zehatz bat da, zu zeu ere ez zarena guztiz. Momentu horretan zurekin ez dagoen pertsona bat faltan botatzen duzu, ongi jakin arren zuretzat ona ez den pertsona bat dela. Aldiz, nahiago duzu berarekin egon bakarrik egon baino.

Elektronikaren presentzia nabarmena da diskoan, akaso ‘Ez dut beharrik’ edo ‘Mezu bat’ abestietan nagusitzen dena. Nola landu duzu alde elektronikoa?

Kasu horietan, soinu elektronikoak igoera sentsazioa ematen dizu, elektronikak daukan indarrarengatik. Saiatu naiz erritmo desberdinak sartzen baina betiere abesteko modu zehatz bat mantenduz. Erritmoak eta melodiak bide antzekotik joan daitezen saiatu naiz. Elektronikak, aldiz, diskoak une batzuetan behar zuen energia puntu hori ematen du.

Bestalde, gitarra riff eta bateria kasik garajeroak ere agertzen zaizkigu diskoan, ‘Infernutik’ abestian adibidez.

Ez dago lerro zehatz bat generoari dagokionez. Kantu bakoitzak bere kutsua dauka, bere nondik-norakoa, bai melodien aldetik baita erritmoaren aldetik ere. Gehiago begiratu dugu kantu bakoitzak zer behar zuen irabazteko, dena igo-tzeko, eta horrekin egin dugu disko guztia.

‘Barkamena’ abestik ixten du diskoa, erritmoa pixkat apalduz berriz, bidaiari amaiera ematen bezala. Zeri eskatzen diozu barkamena kantu honetan?

Neure buruari. 11 urterekin break dance munduan sartzen eta rap musika egiten hasi nintzen. Denborarekin, mundu horretaz aldentzen joan naiz eta kantu honekin 14-15 urteko Bengo horri eskatzen diot barkamena. Horregatik, alde istrumentala rap estilokoa da baina letra abestua da, ez rapeatua. Ironikoki eskatzen diot barkamena, azkenean.

‘Hemengatxik’ eta ‘Ez dut beharrik’ abestietan ezaguna zaigun ahots batekin egiten dugu topo… Zer moduz Kiliki Frexkorekin elkarlanean?

Kilikirekin, lagunak gara. Iazko udan elkarrekin egon ginen lau-bost egun eta kanta pare bat egin genituen. Lagunarteko zerbait izan da bi kantuen kasuan, giro horretatik atera diren kantuak dira.

Azken aldiko mugimendu musikalean asko ematen den zerbait da lagun artean lan egiteko modu hori.

Bai, esan duzun bezala, gaur egun musika sortzeko modua hori da. Azken batean mugikor edo ordenagailu bakar batekin jada sortu dezakezu zerbait. Horregatik talde asko sortzen dira eta musika asko egiten da, sortzeko erraztasun horiek ditugulako. Lagun artean bildu eta zeozer probatzeagatik sortzea ere erraza da, eta jende asko dago gauzak egiteko gogoekin. Genero aldetik ere, aurreiritzirik gabe egiten ditugu gauzak. Abesti berean sartu ditzakegu pop eta trap soinuak, eta ez diogu horri beldurrik. Gorputzak eskatzen diguna egiten dugu musikalki, konplexurik gabe. Momentuan barruan duguna ateratzen saiatzea da helburua.

Zer aldatu da 2021ean plazaratutako ‘4taupada’ hartatik ‘Bizirik’ honetara?

Bizitza bezala, momentu desberdinak dira. 4taupada egin nuen garaia pandemiaren garaia zen eta testuinguru horretan egin nuen, kalera atera ezin ginenekoa. Beraz, lehenengo aldea testuinguruarena berarena da bi diskoen artean. Musikalki ere, ekoizleekin lan egiteak askatasun puntu bat ematen dizu sortzerako orduan. Ordukoan, aldiz, dena nik neuk egin nuen: internetetik baseak hartu, jaitsi, masterizatu eta guztia.

Iruñeko kontzertuari dagokionez, gonbidatu berezirik egonen dela susmatu dezakegu?

Bai, nik uste diskoan agertzen den baten bat agertuko dela Txintxarrira. Gertu bizi da gainera, beraz ez dauka aitzakiarik, kar-kar... Gure-tzat kontzertu bakoitzak bere xarma dauka, jendearekin egoteko momentuak dira, diskoa beste formatu batean emateko aukera ere. Kasu honetan, bandarekin joango gara. Gozatzeko eta jendearekin egoteko unea izango da Iruñeko kontzertua.

Musika urbanoa deiturikoa, gelditzeko iritsi da?

Iruditzen zait Euskal Herriak eraldaketa prozesu bat izan duela, nazioartean egiten den musika euskaraz ere egiten ari garelako momentuan bertan. Garapen horrek eragiten du gero eta jende gehiago egotea gauzak egiten, mundu mailan egiten diren gauza horiek bereganatzen ari garelako. Eta gero eta gauza berri gehiago egin, hobe, eszenak gora egingo duelako ezinbestean.