Ongi etorri besta hunkigarria izan zen atzo Iruñeko Kasino Berrian ospatu zena. Azkeneko bost urteotan iktus baten ondorioz ezinbestean eszenatokietatik urrun egon ondoren, Kepa Junkera (Bilbo, 1965) nafar hiriburura itzuli zen eta bertako lagun, senide eta jarraitzaileek ez zioten hutsik egin. Ia 200 pertsona inguruk Gazteluko Plazaren biho-tzean kokatzen den elkartea lepo bete zuten, enkontruz, besarkadez eta, bestela ezin litekeen moduan, musikaz blaitutako omenaldi batean.

Arratsaldeko 19:00ak inguruan abiatu zen ekitaldia Arangurengo Irulegi Trikitixa Eskolako taldearen emanaldiarekin, trikitixa, txalaparta eta irrintzi doinu artean, eta txalo zaparrada beroarekin egin zion harrera publikoak musikariari aretora sartu ahala. “Ongi etorri Iruñera, zure etxera”, hartu zuen hitza ekitaldiaren antolatzaile eta hurbileko lagun Ignazio Iturrartek. Hain zuzen Iturrarte bera izan zen Junkerak idatzitako testua irakurri zuena, non musikariak bere esker ona agertu zuen: “Hildakoak berpizten ditu Gaztelu Plazaren ondoan egoteak”, nabarmendu zuen. Hitz egin ezean ere, trikiaren maisuak bere aldarte eta umore ona erakutsi zuen ekitaldi osoan zehar.

Bere eskuinean Iturrarte eta ezkerrean duela 25 urte alboan izan duen Rubén Piña laguntzailea zituela, Junkerak banaka-banaka hurbildu eta euren hitz eta abestiak musikariarekin partekatu nahi izan zituzten gonbidatu guztiekin egoteko parada izan zuen. Piñak berak euren bizipenak eta baita une gogorrak gogoratzeko tartea hartu zuen: “Iktusarenaren ondoren”, azpimarratu zuen, “argi nuen itzuliko zela, borrokalari bat dela eta bere esperientzia besteentzako adibide izango zela”. Halaber, Iturrartek ere adierazi zuen musikaria izan zela Iruñeko ekitaldia antolatzeko ideia izan zuena.

June Iturrarte eta Iker Urrak Maitia nun zira abestu zuten jendaurrean eta ondoren Iñaki Perurena harri-jasotzailearen txanda izan zen. “Nire etxean daukadan esaldi batek dioen bezala”, erran zuen leitzarrak, “harri-jasotzeak indartsua izatea eskatzen digu. Bizitzak berriz, galdetu gabe indartsu izatera behartzen gaitu”. Halaber, kirolariak bertso bat abesteko tartea ere hartu zuen. Ez zen, alta, ekitaldiko une hunkigarri bakarra izan. Hala, nabarmentzekoa izan zen Enrique Zelaia soinu jotzailearen Fandago-jazz abestiaren interpretazioa, jendearen txaloak piztu zituena; baita Jose Luis Fraileren gaitari eta gitarra hirukoteak eskainitako emanaldia ere. Jagoba Arrasate Osasunako entrenatzaileak ezin izan bazuen bertaratu ere, bere besarkada eta babesa bideo bitartez adierazi nahi izan zuen, musikariaren ezusterako.

‘Berpiztu’ eta ‘erromeriak’

Hitz goxo eta abesti artean, Junkeraren azken bi lanak jendaurrean aurkezteko parada ere eskaini zuen atzoko ekitaldiak: Erromeriak diskoa eta Berpiztu, liburu eta dokumental formatua duen lana. Diskoan, Piñak argitu zuen bezala, trikitilari bilbotarrak iktusa jasan aurretik landutako 8 abesti bildu ditu, Euskal Herriko, Espainiako eta Portugalgo 40 emakume pandero-jotzaileen kolaborazioarekin. Diskoa, hala, emakume pandero-jotzaileei eta bereziki bere amari zuzendutako omenaldi bat ere bada, Junkeraren laguntzaileak adierazi zuen bezalaxe.

Berpiztu lanari dagokionez, “bere musika ibilbide osoa jorratzen duen liburua da, hastapenetatik 2018ko abendura arte”, une hartan jasan baitzuen musikariak eszenatokietatik aldenduko zuen ezbeharra. Hala, 40 artista baino gehiago ditu lagun Junkerak liburu bat baino gehiago “bidaia emozional” bat den lanean, haren proiektuetako bakoi-tzari begirada berri bat ematen dion obra grafikoa. Piñak gogora ekarri zuen bezala, Berpiztu-k dokumental formatua ere badauka, Donostiako Zinemaldiaren 70- edizioan estreinatu zena.