N AFARROAKO Legebiltzarrean NEBak Vascuencearen legearen aldaketa eskas batetarako emendakina aurkeztu zuen, eta harritzekoa bada ere, horren harira azken egunotan euskararen egoera baino, Txentxo Jiménez, NaBaiko legebiltzarkidea, izan da hizketagai nagusia.
Nafarroan euskarak bizi duen egoerak eztabaida sakona eskatzen du eta azken asteotako gertakariek eztabaida desitxuratu egiten dutela uste dugu. Horren aurrean gaiaren inguruan gure hausnarketa zabaldu nahiko genuke:
PSN, NEB eta NaBai alderdiek euskararen berreskurapena ezinezko egiten duen eta herritarron hizkuntza eskubideak kasu batzuetan ukatu (zonalde ez euskalduna) eta besteetan urratzen (zonalde mistoa eta euskalduna) dituen legea zilegitu dute. Honen aurrean, horrelako aldaketek euskararen normalkuntzan urratsik suposatzen ez dutela adierazi eta alderdi hauen jarrera salatu nahi dugu. Errotiko aldaketarik ezean, euskararen berreskurapena ez da posible izanen. Neurri honek, dudarik gabe, Galar, Aranguren, Noain eta Beriaineko haurrek duten euskaraz ikasteko eskubidea bermatuko duela argi dago, baina horrelako neurriak ez dira nahikoak ez euskararen biziraupenerako ez bere normalkun-tzarako eta hori oso argi izan behar dugu; horrelako jarrera posibilistek ez gaituzte behar eta nahi dugun euskararen normalkuntzara hurbiltzen. Horrelako urratsekin beste 20 urte barru euskararen egoera zein izanen den galdetu beharko genioke geure buruari. Eta eran-tzuna benetan kezkagarria da: euskarak egun zonalde mistoan duen egoera larriarekin jarraituko du. Bere biziraupena kolokan dela. Eta poliki-poliki horrelako urratsekin aurrera goazela sinestarazi nahi digutenek, iruzur ederra sartu nahi digute, UNESCOk argi adierazi du; hurrengo 50 urteetan munduko xxx hizkuntza galduko dira eta desagertzeko arriskuan dauden hizkuntza horien artean euskara aurkitzen da.
Ezagutu dugu azken 22 urteotan, PSNk Vascuencearen legea onartu zuenetik euskararen egoeraren bilakaera zein izan den; euskara, Nafarron hizkuntza, Lingua Navarrorum, egoera gutxituan dago eta bere etorkizuna bermatua izan gabe jarraitzen du. Urte hauetan guztietan Nafarroako Gobernuak ez du inoiz euskara berreskuratzeko politikarik gauzatu; euskararen aurkako hizkuntza-politika bereziki aktiboa eta gordina izan da, eta UPNk euskara desagerrarazteko politika sistematizatu, planifikatu, gogortu eta bizkortu egin du nabarmen. Ahalegin horretan ondoan izan ditu, askotan, PSN eta CDN alderdiak.
Hala eta guztiz ere, Nafarroan euskararekiko atxikimendu eta aldekotasun zabala antzematen da, matrikulazioak, inkestak eta euskararen aldeko ekimenak, besteak beste, horren lekuko ditugu; baina horrek ezin digu ezkutatu, ordea, egoeraren larria, eta euskararen presentzia sozial errealaren eskasa. Egindako ahalegin guztiak esker-tzekoak dira eta baita ezinbestekoak ere, baina benetako jauzi bat emateko, egindako horretaz guztiaz gainera, beste bitarteko batzuk behar dira, eta, batez ere, beste hizkuntza-politika bat.
Hizkuntza politika berria beharrezkoa da Nafarroan. Euskarari, Nafarron berezko hizkuntzari, lehentasuna emango dion hizkun-tza politika berria (euskararen berreskurapenerako ezker abertzalearen proposamen politiko zeha-tza): berreskuratzailea, nazionala eta burujabea. Baita integrala ere, normalizaziorako eremu gisa lurralde osoa hartuko duena: lurraldearen adiera geografikoan (Nafarroa osoa) eta sozialean (funtzio sozial guztiak).
Horretaz gain, euskararen inguruko hizkuntza politikak euskarri juridikoa ere behar du, hizkuntza politikako erabakiei bidea emanen diena, eta, batez ere, herritarren hizkuntza eskubideak bermatuko dituena. Lege horrek euskara hizkuntza ofizial, nazional eta lehentasunezkoa izendatuko du, eta erakunde publikoen betebeharrak nahiz herritarren eskubideak arautuko ditu.
Bukatzeko, hizkuntza politikak, lehentasunez, honako esparruotan eragin beharko du: udalerri euskaldunen bizitasuna, hiriburuak, hezkuntza, helduen euskalduntze eta alfabetatzea, lan-mundua, hedabideak, administrazioa, aisialdia, kultura, teknologia-telematika, korpusa eta hizkuntza paisaia...
Gaur egunean ordea, lehen esan bezala, euskarak ez du etorkizunik; egungo egoeratik ezinezkoa da euskarak behar duen ofizialtasuna lortzea; inposizioan eta zatiketan oinarritutako Foru Hobekuntzak euskara zokoratu eta desagertu dadin oinarriak ezartzen dituelako. Euskara Nafarroan ofiziala izan dadin, erabakitzeko eskubidean oinarritutako aldaketa politikoa beharrezkoa da eta norabide horretan jarraituko dugu lanean, herritar eleanitzez osatutako Euskal Herri euskaldunerantz.
(*) Ezker abertzaleko militanteak