Uharte. Lan mundua euskaldundu eta arlo sozioekonomikoan euskararen presentzia sustatzeko helburu duen EMUN kooperatibak Nafarroan bideratzen ari den egitasmoaren inguruko azalpenak eman zituen atzo Uharteko Arte Garaikideko Zentroan. Izan ere, Emunek erronka berriei heldu eta bere lan eremua zabaltzeko beharrak eraginda, orain gutxi bulegoa ireki zuen Berriozarren. Emuneko lehendakaria den Ima Elexpuruk azaldu zuenez, "10 urte daramatzagu lana euskalduntzen eta xede horrekin etorri gara Nafarroara, lan egiteko gogoz".
Hizkuntzen kudeaketa egoki planifikatzea beharrezkoa den XXI. mende honetan, Emunkideek euskararen normalizazio prozesuan espazio berria irabazteko helburuarekin lanean hasi ziren 1997an, eta harrezkero hamar urte baino gehiago igaro dira. "Euskararen normalizazio prozesuan lan eremu publiko eta pribatuan euskaraz garatzeko hizkuntza zerbitzuak eskaintzen ditugu, eraginkortasunez, kalitatez eta errentagarritasunez jardunez", adierazi zuen Ima Elexpuruk.
Lana euskalduntzeko kooperatiba honek eskeintzen dituen balioak lankidetza, partaidetza, eran-tzukizun soziala eta berrikuntza dira.
iruñerriko lana euskalduntzen Balio hauen inguruan jadanik Iruñerriko hainbat Udalekin elkarlanean ari da: Antsoain, Atarrabia, Aranguren, Berriozar, Burlata, Oltza Zendea, Orkoien, Uharte eta Zizur Nagusia. Bertan bideratzen dituen proiektuak bi dira. Alde batetik, Euskara merkataritzara egitasmoa: 185 establezimendutan merkatarien neurrira eta udalekin adostutako euskalduntze planak; eta bestetik, Euskara zure esku egitasmoa, herriz herri guraso, aisialdi edota kirol elkarteekin garatzen dena. Tafallako Udala ere Euskara merkataritzara egitasmoaren barne dago, bertan 35 establezimenduk parte hartzen dutela.
Baina Nafarroan Emunekin lanean hasi zen industria arloko lehen bezeroa Orkoiengo Mapsa kooperatiba izan zen. Mapsari euskararen erabilera plana (diseinua eta planaren garapena) prestatu zioten.
Zentzu honetan, eta Nafarroan eremu pribatu nahiz publikoko bezeroengana heltzeko intentzioarekin, Emuneko zuzendari nagusia den Dani Larreak lana euskaldun-tzeko kooperatibak eskeintzen dituen zerbitzuak ezagutarazi zituen: Enpresa pribatura bideratutako hizkuntza aholkularitza: Euskara plana; Administraziora bideratutako aholkularitza: Erakunde publikoetan euskara planak (diseinu eta inplementazioa) eta Herri eta eskualdeetan euskara normalizatzeko aholkularitza (gazteak, etorkinak, aisialdia, merkataritza, lan mundua, elkarteak, plan estrategikoak, komunikazio planak…); Eragileentzako prestakuntza eta hizkuntza aholkularitza berezia; Hiztunon arteko elkarbizitza bideratzeko tailerrak; Lanpostuen beharretara egokitutako formazioa; eta Itzulpen zerbi-tzua. "Zerbitzu guzti hauetaz gain, lana euskaraz egiten laguntzeko baliabideak eskaintzen dituen tresna edo bloga ere kudeatzen dugu, www.lantalan.com izenekoa", gaineratu zuen Larreak. >o.f.z.