atarrabia. Nafarroako Gobernuak eta British Council-ak duten akordio bati esker, eskatzen duten eskolek irletan jaiotako pertsona bat eduki dezakete beraien ikasleen onurarako. Aldiz, Nafarroara etorri den unibertsitate ikasle britainiarrek, eskarmentu polita har dezakete, sos batzuk irabazteaz gain.
Zer moduz moldatzen zara Atargiko ikasleekin?
Oso ongi, egia esan.Hasieran, 6. mailako ikasleekin egon behar nuela jakitean, nolabaiteko urduritasuna nabaritu nuen, baina haiekin lehenengo aldiz egon bezain pronto oso eroso sentitu nintzen.
Zer du 6. mailak?
Ezer berezirik ez. Han, Ingalaterran, ez da 6. mailarik. Hau da, 5. maila egin ondoren bigarren hezkuntzan hasten dira. Horregatik haurtzat baino nerabetzat gehiago ditugu, behar bada. Adin horretako ikasleak arazotsuak direnaren zantzua neukan. Hala ere, hemengo ikasleak ez dira hangoak bezalakoak. Agian, oraindik Lehen Hezkuntzan daudelako izan daiteke; gauza da hemengoek ez dutela nerabeen "pasotismorik", ez eta jarrera desegokirik. Aldiz, haurren inozentzia eta ilusio puntu hori mantentzen dute, orokorrean.
Oso pozik zaude, beraz, haur nafarrekin...
Bai, oso. Jarrera aldetik oso maitagarriak dira. Izenen asuntoa kenduz gero, akatsik ez dutela esango nuke.
Zer da izenen asunto hori?
Kar, Kar... Txantxa bat besterik ez da. Pentsa ezazu, nik, Ingalaterratik etorrita, Juan, Pedro, María, Fernando... bezalako izenak espero nituela. Baina horien ordez, Haritz, Beñat, Oier... bezalakoak entzun nituen. Pentsa dezakezu izen horiek ez direla gaztelania ikasteko testu liburuetan gehiegi agertzen, beraz niretzat nahiko arrotzak ziren. Horregatik, beraien izenak ikasteko prozesua luzatu zen, kosta zitzaidan.
Arazoa konpondu al duzu?
Bai. Nire ikasleak berriro bataia-tzea erabaki nuen. Guztiei izen ingeles berriak eman nizkien, niretzat memorizatzeko askoz errazagoak. Horrela Amaia, nire gelan sartzen denean Sue bihurtzen da, edo Aritz, Mike. Beraientzat ere gauza erakargarria da izen ingelesa edukitzea.
Badirudi, beraz, Ingalaterran ez dela Nafarroa eta Iruñea euskararekin gehiegi lotzen...
Hala da. Nik adibidez, hona etorri aurretik ez nekien horrelako hizkuntza errealitaterik zegoenik. Pentsa ezazu, ni gaztelania ikastera etorri nintzela. Esan daiteke, bai, kanpoan ezjakintasun handia dagoela hemengo errealitatearekiko.
Nolatan aukeratu zenuen Nafarroa gaztelania ikasteko?
Ez nuen nik aukeratu. Nahiago nuen hegoalderago joan; iaz adibidez Granadan izan nintzen lau hilabetez... Baina hemen suertatu zi-tzaidan. Hasieran ez nengoen oso pozik, eta klima aldetik, Atarrabiakoa ez da Carlisle-koaren oso desberdina, baina orain oso pozik nago hemen.
Iaz, Granadan, aurten Nafarroan... Zure ikasketekin zerikusirik ba al dute bidaiek?
Bai, erabat. Nik Germaniar eta Hispaniar Filologia ikasketak amaitu behar ditut aurten. Lehen bi urteak Ingalaterran eman nituen eta ondoren Alemania eta Espainiara joan nintzen, Erasmus programarekin.
Alemania eta Espainiara? Bietara?
Bai. Badakit beste herrialdetan zailtasun gehiago dagoela horrelako diru laguntzak lortzeko, baina guk Ingalaterran erraztasun handiak ditugu kanpora ateratzeko. Han, Erasmus beka bat lortzea eskatzea bezain erraza da.
A ze inbidia! Eta aurten Nafarroan. Eta etorkizunean?
Oraingoz aurtengo kurtsoa amaitu nahi dut hemen. Ondoren, uda honetarako lana lortu dut Iruñean, ia nire gaztelania kaxkar hau hobetzea lortzen dudan. Hortik aurrera, Ingalaterrara itzuli nahi dut, Maisu-Maistra ikasketak egitera.
Irakasle?
Bai. Atargiko haurrei eskertu behar diet hori. Lehen ez nekien zer egin nahi nuen. Orain, argi daukat irakasle izan nahi dudala, haurren irakaslea.