Almandoz, Aniz, Berroeta eta Zigak osatzen duten Basaburuako kuartela izan da bai Baztan mailan eta baita Nafarroa osoa kontuan hartuta ere aurtengo Errefusa koparen irabazlea. Nafarroako Hondakinen Partzuergoak birziklatze maila igotzeko eta sortzen dugun errefusa kantitatea murrizteko helburuz Errefusa Kopa lehiaketa antolatu du aurten. Lehiaketa honetan 2 hilabetez (maiatza eta ekaina) sorturiko errefusa kantitatea pisatu da eta biztanleko errefusa gutxien sortzea lortu duten herriak sarituak izan dira.

Baztango Hondakin Sailak antolaturiko lehiaketan, Baztango lau kuartelek maiatza eta ekainean zehar sorturiko errefusa pisatu da, eta Basaburuako kuartela izan da biztanleko errefusa gutxien bildu duena, 23,35 kg hain zuzen ere. Elizondoa kuartela sailkatu da bigarren postuan, izan ere, Elizondo, Elbete eta Lekarozko bizilagunek 32.5 kg errefusa sortu dituzte biztanleko. Hirugarren postua Erberea kuartelak erdietsi du, Arraioz, Gartzain, Irurita eta Oronoz-Mugairiko bizilagunek errefusaren edukiontzira botatakoa pisatu ondotik, biztanleko 39 kg kalkulatuz. Azkenik, Baztangoiza kuartela laugarren postuan sailkatu da. Amaiur, Arizkun, Azpilkueta eta Erratzu herritarrek sorturiko errefusa kantitatea biztanleko 41,53 kg-koa izan da.

Baztango Udalak 5.000 euroan baloraturiko sariak banatuko ditu parte hartzaileen artean, eta eskuratutako saria sozialki onuragarriak eta jasangarriak izanen diren proiektu edo materialetan inbertitu beharko dute herritarrek, beren artean adostuta.

Bertzalde, Baztan mailan ere ikastetxeen arteko lehiaketa egin da. Kasu honetan bi izan dira partaideak, Almandozko eskola eta Elizondoko Eskola publikoa. Kasu honetan birziklapena hartu da kontuan, eta Hondakin Sailak pasatutako datuen arabera, bai batak zein bertzeak %90etik goitiko birziklapen portzentajea erdietsi dute. Maiatza eta ekainean zehar ikastetxe hauetan ikasleko sorturiko errefusa kantitatea ez da 100 gramora iritsi, ez batean ezta bertzean ere. Hondakin Sailetik datu hau goraipatu dute, “gauzak arras ongi egiten direnaren seinale” baita.

Baztandik harago, Errefusa Kopan Nafarroako Hondakinen Partzuergoko kideek (14 mankomunitatek eta Baztango Udalak osatzen dute) hartu dute parte. Bildutako datuetan oinarrituta, Nafarroa mailako 10 herri edo ibilbide hoberenek Partzuergoaren aldetik aipamen berezia jaso dute eta guztietan hoberenak, hau da, epe honetan biztanleko errefusa gutxien sortzea lortu duenak Nafarroa mailako sari nagusia bereganatu du, kasu honetan Basaburuako kuartelak. Sari gisa, Basaburuko herritarrek Nafarroako Hondakinen Partzuergoak emandako bertze 5.000 € jaso dituzte, proiektu jasangarrietan inbertitzeko. Aipatu ere, Elizondoa kuartelak seigarren postua erdietsi duela Nafarroa mailan.

Baztango Udaleko Hondakin Sailak egunerokoan hondakinen kudeaketa egoki baten alde beren ekarpena egiten duten herritarrak zoriondu eta eskertu nahi izan ditu, haiei esker lortu baitira aipaturiko sariak. Era berean, orain arteko bide beretik jarraitzek odeia ere luzatu du.