- Mugerri kultur elkarteak antolatuta, bi solasaldi izanen dira hurrengo bi ortziraletan, Mugak egin gaitu goiburupean. Mugak gurean izan duen eragina hizpide hartuta antolatu dira bi solasaldiak. Bi hitzaldiak Beralandetan izanen dira, 19:00etan. Lehenbizikoa maiatzaren 13an izanen da, euskaraz, eta Rosa Arburua Goienetxe ariko da hizketan. Kontrabandoa. Bidasoa lekuko titulupean. Beran, eta Bidasoan, oro har, mugak izan duen eragina, kontrabandoaren nondik norakoak, portugesen pasa... izanen ditu solasgai Arburuak. Arlo horiek ikertzen aritutakoa da Arburua. 1961ean Irunen jaioa, jatorriz Etxalarko familia batean, lotura estua izan du herri honekin, baita Berarekin ere, urtetan aritu baitzen irakasle Toki Ona institutuan. Pedagogian doktorea da, eta EHUko irakaslea da egun. Eskualdeko historia ikertzen aritu da azken urteotan: kontrabandoa ez ezik, mendi-mutilak, Ameriketara migratutako artzainak, neskatoak... eta bertze lanbideak izan ditu aztergai. Artikulu eta liburu ugari argitaratu ditu, nabarmentzekoak: 1940-1960. Bortzirietako gaztiak, (Alberdania, 2005); Gau lana. Kontrabandoa Bidasoa aldean (Alberdania, 2010), edo Wolframa. Diktadoreen arteko kontrabandoa (2021).

Bigarren hitzaldia maiatzaren 20an gaztelaniaz. emanen du Raquel Idoate Ancinek, Emigración de la Navarra atlántica a América (1840-1874) liburua aurkeztuz.