ure auzo-herriko errege emeritua ez dute ez auzo-herriko eta ez emeritu ere sentitzen geure herritar batzuek. Alderdi ustez errepublikazaleek monarkiaz eztabaidatzeari ere uko egin diotela kontuan izanik, ez da harritzekoa. Askorentzat “gure benetako erregea” da Juan Carlos, “bat eta bakarra”. Izan ere, Felipe Borboikoa ez dute oraindik behar bezain prestaturik ikusten mundu zabaleko emir eta prin-tzeekin, edonolako satrapekin, parez-pare legez kanpoko komisioak negoziatzeko. Oraindik asko ikasi beharra dauka mozolo horrek lapur errespetagarria izateko. Bestalde, ezin ukatuzkoa da askoz hurbilagoa dela Juan Carlos Felipe baino. Zuk nor gonbidatuko zenuke etxean afaltzera? Ezin dira konparatu.

Estropada onak Sanxenxon. Lemazaina etorri zaie eta txaloka eta bibaka hartu dute. Batzuk orain konturatu dira zein mingarri eta iraingarri diren gaizkileei egindako ongi etorri publikoak. Elkarte pribatu batean egitea asko zuten, baina horrelako ongi etorri bat antolatzen duenak, onartzen duenak bezala, pertsonari egindako harreraz haragoko zerbait bilatzen du: gizartearen begietan gaizkile bihurtu duen aktibitatearen zuriketa publikoa.

Elhuyar Hiztegiak lau izenondo proposatzen ditu gaztelaniazko “campechano” euskaraz esateko: mazal, apatz, xalo eta laño. “Bribón” esateko, lehen adieran alferrontzi, arlote, pikaro eta mandil. Bigarrenean bilau, zital eta doilor. Hurbiltzen ari gara.

Auzo-herriko errege zaharra herrenka erretiratu da lotara, erortzeko ufako bat aski duke. Alabaina, hark irudikatzen duen gaizkile-jardunbideak ez du amiltzeko arriskurik; Sanxenxoko ongi etorriak beste bi makulu eman dizkio.