Literatura klasikoan dena dago idatzita. Giza portaera oro dago deskribatuta. Horregatik harritzen nau ikusteak, zein itsu garen hainbat gertaera aurreikusteko unean.

Ba da gure auzoan emakume bat, adinean sartua, alaba ezindua duena. Mandatuetan egiten dut bat berarekin, ia astero. Eta orain ohituta banago ere, asko ikasi behar izan dut berarengandik. Alabaren gurpildun aulkia bultzatzen duen bitartean, alabari hizketan joaten zaio. Asterako zer erosiko duten kontatzen dio, janaria nola prestatuko duten, ondoren, nora joango diren pasiatzera… ez da isiltzen. Alabak korrosk egiten du batean, orru bestean, garrasiren batekin agurtzen du erosleren bat, negar zotinga hasten, edo bat-batean aulkian jauziak ematen hasten da bere gorputz zimurtuan deabruak aginduko balu lez. Amak, ordea, maitekiro hitz egiten dio; amak ez dio inori begiratzen; ez du inolako azalpenik eman beharrik sentitzen; alaba du, bakarrik, zaintzen.

Eta, bai, literatura klasikoan dena dago idatzita. Kontua da, ez dugula irakurtzen. Eta, hartara, ez dugula gizakia behar beste ezagutzen. Norbere buruarengandik hasita.

Mexikoko seme autistaren ama, krisi epileptikoak sufritzen zituenarena, nahigaberik latzenari aurre egiten zion ama bat zen. Eta bere auzokoak, gaixoaren pare sentitu nahi ez zuten koitaduak, justizia beraien esku hartzeko bezain burugabeak eta gorrotoa menperatzen ez zekiten koldarrak. Kontua da, ama hil dutela, modurik basatienean. Munduak jakin dezan, justizia egin dela. Ezin dela mundu honetara hain izaki narrasik eta akastunik ekarri.

Betidanik amestu izan da arraza perfektuan eta gorrotatu perfekzio horretatik aldentzen direnak. Perfekzioa begien kolorean dagoelakoan. Perfekzioa, egotekotan, ezagutzan legoke, ordea, gizakien aldaerak ulertzeko gaitasunean. Horretarako, alabaina, irakurri egin behar da. Ni auzoko amak bultzatzen duen gurpildun aulkiaren aurrean bezala harrituko lirateke asko eta asko, literatura klasikoaren orrietan zein pertsonaiaren rola betetzen duten deskubrituko balute.