2016. urteko San Ferminetan, bost gizonek 18 urteko neska gazte bat inguratu, atari batera eraman eta han, gerritik behera biluztu eta bortxatu egin zuten, bata bestearen atzetik, barre artean, ehizaldia euren telefonoekin grabatzen zuten bitartean. Manada kasuak oihartzun handia izan zuen eta nazka eta haserre handia eragin zuen.

Gizon haiek egin zutena, noski, gizon haiek egin zuten, ez beste inork, eta haiek dira errudunak. Baina gizon haiek ez dira estralurtarrak, gizarte honen semeak dira eta halako zerbait egitera heldu badira, izan da denbora askoan zehar sentitu dutelako emakumeen aurka izan dituzten hainbat jarrera sozialki onartuta daudela. Gizarte honetan ikasi dute gizon izaten eta baita ere zer diren emakumeak, edo hobe esanda, zertarako diren. Beraz, egindakoa ez da gizon batzuen gaiztakerian geratzen, gizarte oso baten porrota da.

Manadaren kasua etorri zait burura Madrileko Elías Ahúja egoitzako ikasleek nesken egoitzaren aurrean egin duten performance matxista, misogino eta bortitza ikustean. “¡Putas, salid de vuestras madrigueras como conejas, sois unas putas ninfómanas, os prometo que vais a follar todas…” oihuari erantzun diote, taldean, beste mutil guztiek, oihuka eta marruka. Taldean hemen ere.

Urtero egiten den zerbait dela aitortu dute, “tradizio” moduko bat, eta kontestutik kanpo epaitzen ari garela. Neska batzuek ere garrantzia kendu diote eta baten batek esan du bera ez dela erasotua sentitu eta mutilena ez dela jarrera matxista bat, urteroko broma moduko bat baizik. Iritzi hauek, baina, ezin hobeto uzten dute agerian arazoaren larritasuna eta sakontasuna, eta nola emakumeen kontrako indarkeria normaltasunaren mozorroaren azpian ezkutatzen den gehienetan.

Bitartean, azkeneko txosten batek dio Estatuan 18 eta 25 urte bitarteko hamar nesketatik zazpik onartzen duela eraso edo jazarpen sexualen bat jasan dutela inoiz. “Tradizio” batzuek ereindako lurraldean gertatzen da guzti hau.

Eta oraindik batzuek ez dute arazoaren larritasunaz ohartu nahi. Berdintasun eza gurean gainditutako zerbait balitz bezala.