Itzuli aditz arraroa da. Batzuetan itzultzen zara, benetan itzuli barik. Egon zaren leku horrek bestelako espazio batean murgilarazi zaitu, eta han bizi izandako une eta sentsazio guztiak gortina fin batek biltzen ditu zure memorian. Itzuli zara bai, baina oso urrun joan zarenez gero, fisikoki bueltatu zara, baina zure arima eta zure pentsamendua, hein batean, hantxe loturik gelditu dira, agian zoriontasunaren ziztada ezezaguna sentitu duzulako. Agian, ez dakit.

Kontua da hemen zaudela, eta berehala jabetzen zara behin utzi zenuenaz, izan ere denak, ia denak, berdin jarraitzen du mundu materialista eta globalizatu honetan. Baina orain bereziki mingarriagoak egiten zaizkizu jendartearen oihuak eta zentzunbakokeriak, gezur sinesgaitzak esateko duten lotsa eskasa, politiko korruptoen afirmazio laborrizkoak, euren kirtenkeria eta era berean, horrek guztiak sortzen duen beldurra.

Mundu hurbilago, krudelago bat duzu orain begien aurretik. Justiziarik gabeko mundu bat ere bai. Eta parametro horietan, justizia zer den jakin gabe ausartzen da Espainiako Barne ministro ohi bat ahoan bilorik gabe mintzatzera, Felipe Gonzalezen garaiko gerra zikina eta estatuaren indarkeria terrorista babestuz. Eskuak zikin dituen horrek egin duena askorenganako umiliazioa galanta da. Benetako estatu demokratiko batean baleude, egindako adierazpenak justifika ezinak direla esango lukete, inoiz burutu ziren zuzenbide estatuaren kontrako ekintzak onartezinak eta nazkagarriak direlako.

Baina betiko legez demokratek ez dute ahoa zabalduko, eta inork ez du salaketarik jarriko. Justiziaren buztana laburra ere bada. Horrela dago demokrazia, “zanpatua, itoa, zikiratua ahuldua eta ohitua bortxara halabeharrez”. Eskumak agintzen du, eta hala ikusi da Brasilen. Hango sasi-demokratek ez dute onartu hauteskundeak galtzea. Betikoek ez dituzte demokraziaren legeak onartzen.

Bitartean, mundua (dugun bakarra) zaintzeko bilera handiak egiten dira Egipton, herrialde guztien partehartzearekin, kutsatzaileenen agerpenik gabe.

Harrigarria da, baina batzuetan ez du itzultzea merezi.