Zuk ere ezagutzen duzu horrelako norbait, noski, nola ez. Nolakoa? Bada berari gaizki ateratzen zaizkion gauzen errua beti besteei leporatzen artista dena. Egia da denok erakusten dugula inoiz halako jarreraren bat, ez baita hain erraza beti errua onartzea, baina bere kasuan ez da noizbehinkako zerbait izaten, egiteko modu sistematiko bat baizik.

Errugabeen koadrila bat dabil hara eta hona gure artean. Ez zarete konturatu? Bada adi egon behar da haien tranpetan ez jausteko, oso azkarrak baitira, azkar hitzaren zentzu guztietan. Halako pertsona bati zerbait gaizki egin duela edo zerbait gaizki atera dela esaten zaionean, segundo bakarra ere ez da pasatzen aspertsorea martxan jartzen duen arte. Bat batean, esango du erabaki hori berak ez zuela hartu, eta, txarrena, azkar batean aterako du beste norbaiten izena: nik ez, hori honek esan zuen…, besteak erabaki zuen... Honelako pertsonek ez dute sekula ezeren errurik. Eta, aldi berean, ondo ateratzen den guztiaren arduradun direla erakusteko prest daude beti. Arduradun bakarrak, gainera, ez baitute izaten inoiz besteek emandako laguntasuna aipatzeko asmorik, ezta gogorik ere.

Eta diot nik, ez al da eraginkorragoa (zintzoagoa ere noski, baina haien ikuspuntutik ari naiz hausnarketa egiten) noizbehinka erruren bat onartzea? Esatea: bai, barkatu, huts egin dut. Hain zaila ote da noizbehinka akatsen bat onartzea? Badirudi baietz. Argi dago zuk eta nik ondo ezagutzen ditugun pertsona hauei hitz batzuek erredura eragiten dietela ahoan: “Barkatu”, adibidez; edo “ez dakit” ere zaila egiten zaie esaten; edo “ez nintzen konturatu”. Are gutxiago, “saiatuko naiz hurrengoan hobeto egiten”.

Zuk ere ezagutzen duzu horrelako norbait, noski, nola ez. Ba hurrengoan, bere aspertsorea martxan jartzen duenean, esaiozu mesedez, jarrera horrek ibilbide oso motza duela. Behin adin batera helduta, gutariko gehienak ez garela fidatzen sekula akatsik egiten ez duten pertsonez. Ez dagoela hemen “zero akats” kamiseta soinean eraman dezakeen inor. Eta eskerrak.