Albiste batzuen nondik norakoak ulertzea zaila izaten da, batzuetan albisteak bilatzea bera ere zaila izaten da eta zerbai’t jakin nahi duenak, oxigeno botilak hartuta, egunkarietako orrialdeetan murgildu behar du bere burua misterio bila. Hori gertatu zait niri azken astean bi berrirekin: Mondragon eta Osakidetza.

Hasieran Mondragoneko bi partaidek, Ulmak eta Oronak, taldea utzi nahi zutela irakurri nuen, baina zergatia ez nuen inon aurkitzen; hori bai, Mondragon taldeko buruen adierazpenak, “desertore” horien jarrera gaitzesten, edonon ikusi ahal izan nituen. Pixkanaka eta asko kostata, jakin dut Ulmak eta Oronak harreman lausoagoak izateko proposamena egin ziotela taldeari, Mondragonek, antza, atzera bota duena. Mihi gaizto batzuek elkartasun falta egotzi diete bi talde horiei; dena dela, ur sakon haietan arrazoiak joaten zaizkit. Propaganda bideoak ugaritu dira, baina propaganda, jakina, ez da informazioa. Beraz, ez dakit asko edo gutxi dakidan kontuaz. Edozein argibide eskertuko nuke, azken finean kooperatibismoa euskal nortasunaren ezaugarri nagusietako bat dela esaten dute.

Osakidetzakoaz, Donostiako Osakidetzakoaz, sentimendu bera izan dut. Hasieran dimiso batzuen berri izan nuen. Zergatik? Badirudi arazoa Donostialdeko antolaketan zegoela, baina zertan zehazki? Elkarrizketaren aldeko aldarrikapenak egon dira, ospitaleko zerbitzuburuak eskaileretan ikusi ditugu. Urkullu lehendakariak adierazi du Osakidetzak “sarean” lan egin behar duela, baina horrek, gaurko hizkeran, edozer esan nahi du, eta mesfidantza zabaltzen doa. Mihi gaizto probintziakeriaz jantziek zerbitzu batzuk Bilbora eraman nahi dutela diote, baina mihi gaiztoak ere erratzen dira, eta Bilboko ospitaleetan ere istilu judizializatuak egon dira. Edozein argibide eskertuko nuke, azken finean Osakidetza EAEko harribitxia dela esaten dute.

Aste honetan bertan Gasteizko Santiago ospitalean egon naiz. Sarreran publizitatea erakusten duen pantaila horietako bat dago. Handik igaro nintzenean, aseguru mediku pribatu baten iragarkiak dir-dir egiten zuen pantailan.