Hedabideetako lerro buru batzuek zur eta lur uzten zaituzte. Estonaturik, informazioa hori benetan erreala izan daitekeen ala ez zalantzan zaude, baina datuak eman ahala, harridura hori amorrazio bilakatzen da. Nola da posible? da sortzen zaizun itaun logikoa, babo aurpegia jarrita duzularik.

Bada horixe, albiste honekin: munduko biztanleriaren %1ak gainerako beste guztion aberastasunaren doblea dauka. Halaxe dio Oxfam Intermonek Davoseko Udal Foro Ekonomikoan aurkeztu duen txosten batek. Zer esan nahi du horrek? Bada, aberatsak gero eta aberatsagoak, multimillonarioagoak direla, eta beren kajafuerteak diruz beterik dituztela, ia eztanda egitear.

Horrek guztiak pobrezia handitzen du modu esponentzialean, eta aberatsak loditzen direnean, pobreak miseria gorriagoan murgiltzen dira. Azken horiek arazoak izango dituzte hezkuntza egokiagoa izateko, bai eta oinarrizko elikadura erdiesteko ere. Izan ere, datuek diote mundu osoan 820 milioi pertsona goseturik dabiltzala egunerokoan.

Laster, hemen gauza bera gertatuko da. Jakiak gero eta garestiagoak dira, horretan aritzen diren makro-enpresak gure lepotik barre egiten duten bitartean. Harturiko neurriek ez dute ezertarako balio, eta janari-kate batzuek beren diru-sarrerak modu groteskoan biderkatu dituzte. Langileek sortzen duten aberastasunak eurek eskuratzen dituzte. Egunotan deigarria izan da Juan Roig Mercadonako presidenteak esan duena: “Zuzendariak eta enpresaburuak gara aberastasuna eta ongizatea sortzen ditugunak. Gero, kudeatu behar dutenek badakite hori egiten, aberastasuna baitago guztientzat; bestela, liskarrak izaten dira”. Mercadonak oinarrizko jaikien prezioak gehien igo dituen supermerkatu-katea izan da.

Orekarik gabeko eta ziurgabetasunez beteriko egoera honetan (pandemia, krisialdi soziala, Ukrainako gerra…), gezurra lirudikeen arren, batzuek diru kantitate neurtezinak lortu dituzte, mozkinak infinitura eta harago eramanez.

Superaberatsak gutxi dira, elitekoak dira, baina mundua kontrolatuko dute derrigorrezko zergaren bat ezartzen ez bazaie.