Pribatutasuna gainbehera garbian dagoen bitartean (joan den asteko zutabean idatzi nuen horretaz), pribatizazioa gora doa etengabe. Pribatizazioak, hobe, zeren, borrero hark bezala, pribatizazioak mila aurpegi baitu, mila bide azken helburura iritsi ahal izateko. Arlo batzuetan aspaldian iritsi zen helburu horretara, edo helburuan bertan jaio zen, eta orain buelta ematea ezinezkoa dirudi, ezinezkoa da, baikor batzuek kapitalismo neoliberalaren krisia edo porrota eta estatuen esku-hartze ezinbestekoa ia-ia egunero iragartzen badigute ere. Gustatuko litzaidake hori guztia ikustea baina ez dut uste hainbeste biziko naizenik.

Pribatizazioaren aldeko indarrek primeran dakite zer-nolako estrategia erabili: ez da gauza bera hezkuntzarekin EAEn gertatzen ari dena edo osasunarekin gertatzen dena leku guztietan. Hezkuntzan pribatizazioa oso aurreratuta dugu eta hurrengo legeak gehiago bultzatuko du. Uste dut jende askori berdin zaiola kontua edo ez zaiola hain gaizki iruditzen, eta alderdi gehienak (guztiak?) ados-edo daude, gutxi gorabehera ados, ezta?

Osasunarenak beste aurpegi bat du: osasun publikoaren aldeko aldarrikapenak edonon entzuten dira eta inork ez omen du zalantzan jartzen osasun sistema publiko sendoaren beharra eta abar (ados, batzuek hori ere zalantzan jartzen dute). Nolanahi ere, aseguru pribatuek inoiz izan ez duten gorakada dute oraintxe: badirudi jendeak, lehen arretaren egoera ikusita, osasun zerbitzu pribatuetara jo duela, zer gerta ere. Mediku nafar publikoek pribatuan lan egiteko irrikan omen daude.

Adinekoen arreta aspaldian da pribatuaren eta publikoaren arteko nahaspila, publiko-pribatu lankidetza esaten zaio ereduari. Hizkuntza bihurritzea estrategiaren alde garrantzitsua da, jakina.

Uste dut arloren batean pribatizazio moduko bat onartzen denean, jendartea prest, prestatuta, dagoela beste arlo batzuetan pribatizazioak onartzeko, leunxeagoak agian, disimulatuagoak, baina pribatizazioak, azken finean. Behin hura onartuz gero, zergatik ez dugu beste hau onartuko?