Bizitza etengabe zailtasunak gainditzea da, eta, mendirik garaienetan bezala, jaitsiera da arrisku-tsuena. Umetako ametsak gutxitan bete-tzen dira, bakan batzuek izaten dute bizitza txikitan amestu bezala garatzeko aukera, gaitasuna eta zortea. Zorteak laguntzen ez duenean da beharrezkoen gaitasuna, aukera berriak sortzeko.

Iker Irribarriaren kirol-ibilbidea laburra bezain trinkoa izan da, iragankorra bezain ahantzezina. 26 urterekin belauneko arazoen erruz erretiratu behar izanik ere, luzaroan irauteko moduko bi marka utzi ditu datutan: inoiz izan den txapeldunik gazteena, buruz buru zein binaka. Baina datutan laburbiltzeko modukoa ez da izaten izarrik handienen arrastoa. Kirolari batek utz dezakeen ondarerik handiena zaleen oroitzapenen niniak gordetzen duen hori da, eragin dituen zirraren gomuta, ikusleen buru, bihotz eta gorputzei emandako inarrosaldi bakoitzaren gogorapena.

Atzo jokatu zuen hondar partida aramarrak. Harmailak mukuru beterik, pilotazaleen arnasaren berotan, sentipen-zurrunbilo erogarrian, gozatzeko eguna izan zuen, ereindakoa jasotzekoa, barrena goxatzekoa. Ikerrek ere, beste hainbaten gisan, ezin izan du kirol ibilbidea txikitan amestu bezala biribildu. Nahi eta komeni baino lehen utzi behar izan dio beti izan nahi izan duena izateari, baina izan nahi izan duena baino garrantzi-tsuagoa da orain dena.

Pilota behar bezala astintzeko, belaunak ongi behar du; pilota zafratzeari utzitakoan, burua eta ingurua dira zimendu.

Askotariko sentipenak nahasi zitzaizkigun atzo Irribarriaren agurreko partidan. Pena eta amorruez gaindi, zaleek eman zioten estimu eta amodio igurtziarena geratu zait itsatsirik. Gauza ederragorik...