Amaitu da sakabanaketa, bukatu da ETAko presoen urruntze-politika. Pedro Sanchezen gobernuak Euskal Herriko espetxeetara ekarriko ditu urruneko ziegetan barreiaturik zituen azken bost etakideak. Alderdi eta erakunde gehienek adierazi dute erabakiarekiko adostasuna, PP da salbuespen. Ez zaio egoki iruditu, antza, Aznarrek abiatutako bidea beste presidente batek burutzea.

35 urtez milaka eta milaka kilometro egin eta ehunka asteburu xahutu ondoren, Espainiako errepideetan kixkali eta odolustu eta gero, haien senide eta lagunek egun erdiko osteratxoa aski izango dute hain maite dituztenei bisita egiteko. Poz itzela da presoen ingurukoentzat, baina baita haien egoerari bidegabe iritzi eta pairatu duten sufrikarioarekin enpatizatzeko saiakera egin duten euskal herritarrentzat ere. Izan ere, ez dira gutxi preso zeuden haiek eginiko basakeriez gaindi so egin eta egoerari gizatasunez begiratzeko ahalegina egin dutenak.

Azken egunotan maiz entzun dut urruntze-politikaren amaiera urrats garrantzitsua izango dela bizikidetzarako, baita elkarbizitzari behar baino askoz ekarpen eskasagoak egin dizkiotenen ahotan ere. Bizikidetzak, baina, erabilera arinegiak urardotutako hitz maiztu bat baino gehiago izango bada, norantza biko enpatia eta sentsibilitatea eskatzen ditu. Damua marra gorri eta barkamen-eskea amore-emate kontsideratzen jarraitzen duenak, hil eta desagerrarazi zituztenen gorpuzkinen kokapena ezkutuan mantentzen duenak, eragindako oinaze bortitza arintzeko zinezko urratsak egiten ez dituenak, betikotu egiten ditu gizartearen sakabanaketa eta urruntzea.