Inork ez ote du noizbait erdal elebakarren hizkuntza-gaitasuna neurtu behar? Ez al zaizue iruditzen erdara bat besterik ez dakitenen ehuneko aipagarri batek trakets –erran nahi baita, elebidunek baino makurrago– hitz egin eta idazten duela erdara bakar horretan? Sormenerako hizkuntza bakarraren hautua egin dugunoi inoiz esan izan zaigu, zuzenean zein zeharka, geure sormen-gaitasuna murrizten ari garela, geure lanaren hedadura orobat. Erdaldun elebakarrei, aldiz, inoiz ez zaie aurpegiratzen beren izaeraren murritza.

Julia Bacardit idazle katalanak ama-hizkuntzan sortzen du, katalanez soilik. Muga hori aski ez-eta, argitaletxeari kontratuz debekatu dio liburuak gaztelerara itzuli eta argitaratzea. Gainerako hizkuntzetan argitaratzeari ez dio mugarik ezarri. “Ez dut literatura katalanaren elebitasuna indar-tzen lagundu nahi”, arrazoitu du. Bistan da itzulpenik naturalena –eta salmentetan arrakasta pixkatxo bat izan dezakeen bakarra hain segur– gaztelaniakoa litzatekeela, baina nahiago du muga horien ondorioak nozitzea hizkuntza hegemonikoaren nagusitasuna bermatzen duen elebitasuna sustatzea baino. Jarrera horren atzean egon daiteke azkenaldiko erabaki judizialei oldartzeko asmo bat ere, oso ulergarri zaidana: neuk ere sumatzen dut epai horiek neure hizkuntza-hautuan gotortu eta erradikalizatzera naramatela apurka-apurka.

Julia Bacarditen erabakia ulertuta ere, ez dut guztiz baztertzen gaztelaniara itzultzeko debekuaren atzean egon daitekeela gibel-asmo komertzial bat. Asteon audio gailu batzuk jarri ditut salgai Wallapopen. Horrelako txikikeria bakoitzak jartzen gaitu erabaki bat hartu beharrean: iragarkia erdara hutsean jarrita, konplikaziorik ez eta hedapen gorena; ele bitan jarrita, jokaera guztiz zuzena eta ofiziala. Gailu batzuk nituen salgai, ordea, ez neure nortasuna. Aizue, ba al dakizue euskara hutsean jarrita pare bat orduan saldu nituela? “Beste konfiantza bat eman zidak euskara hutsean idatzitako iragarkiak” esan zidan erosleak. Batzuetan, geure ahala eta hedapena mugatzen ari garela iruditu arren, anplifikatu baizik ez dugu egiten.