Konpetentzia, eskumena eta eskuduntza sinonimoak dira. Beste kontua da adiera batez ere politikan zenbat buru hainbat aburu gertatzen baita.

Norbere eskumenak botere-tresna gisa erabiltzen dituztenek berdintasun unibertsalaren izenean arrazoitzen dute euren jarrera baina nekez onartzen dute Europako erakundeekin ezer partekatzea.

Badago ere uste duenik arazo errealei sorbalda emateko aitzakiak eta biktimismoa etengabe astintzeko asmakizunak direla eskumenak, batez ere besteenak. Gehienetan, eurak non han bilatzen dute arrazoia, araugintza demokratikoa bigarren mailako gaitzat hartuta.

Baina eskunduntza politikoek gizartearengandik jasotako agindu demokratikoetan dute oinarria eta zentzua. Horrexegatik dira, edo beharko lukete izan, herri-erakundeen jardun politikoa egokiro hedatzeko lanabesak.

Etxebizitza politikaz ari garela, Euskadin badugu lege propioa. Eta orain arte inork ez du ukatu eskumen esklusiboa dagokigunik. Horrela bada, Estatu espainiarreko erakundeei egokitzen zaie jagotea Konstituzioa ez dela gainditzen. Ez besterik. Euskadiko erakundeek ostera bakoitzak bere eskuduntzen arabera gauzatu beharko dute Eusko Legebiltzarrean onartutakoa.

Oraintsu irakurria dut honako hau: “Madrilen onartu den Etxebizitza Legeak ez ditu indargabetzen Euskadiren eskumenak: gaitu egiten du Euskadiko legea”. Baina jakina da lege “gaitzaileen” bidez erakunde batek beste bati baimena ematen edota zilegitasuna aitortzen diola neurri batzuk abian jartzeko. Kasu honetan Espainiako Gorteek Eusko Legebiltzarra eta Eusko Jaurlaritzari. Hori da esan nahi dena? Espainiako gobernuak gaituko dituela euskal erakundeak etxebizitza-politika garatu dezaten?

Eskumenek eurekin dakarten subirautza-atala aspalditik zor zaigun eskubidea da. Badakigu, gainera, Gernikako Estatutuak bide ematen duela gurea bezalako nazioek aktiboki parte hartzeko bai Espainaiko zein Europako gobernantzan. Botere demokratikoaren funtsa ideologia desberdinen gaitasunak partekatzean baitago.