Gaur Peio Monteanok ondurik atera den liburuak argi uzten du zerk zituen bereizten 1423ko iruindarrak, hots, sosak, diruaren jabetzak, ondotik ere halaxe izan den bezala, toki guztietan bezalaxe. Hizkuntzan ez zen bereizketarik. Izan ere, gaskoia eta bearnesa itzalirik, jende gehien-gehiena euskaraz mintzatzen zen, hiri osoan, Nabarrerian, San Nikolasen eta San Zerninen, bai ingurutik etorritakoa, bai hirian bertan jaiotakoa, jakina. Handik berrehun urtera, hamar iruindarretatik zortzik euskaraz aitortzen zituzten beren bekatuak parrokietako apezen aitzinean. Bertze horrenbertze urte geroago, XIX. mendean, artean ere bazen euskara etxean ikasten zuenik. Esteban Obanos iruindar euskaldunak, hots, Euskara elkargoko presidenteak eta zuzenbidean adituak hauxe erran zuen behin erdaraz euskarazko prediku bat eman eta gero: “… me glorio de ser también vasco por nacimiento y primera educación”. Eskolak erdaraz baitziren, Obanos jaunak jaiotzetik ikasi zuen euskara, hau da, etxean jasotako lehen heziketaren bidez. Gero, badakigu, gauzak errotik aldatu zirela edo, hobeki erran, aldarazi zituztela hirian, Iruñerrian eta toki aunitzetan. Atzerakada horrek kezkaturik ekin zioten euskaroek azken karlistaldiaren ondotik eta bertze belaunaldi zenbaitek XX. mendearen lehen hereneko kultur pizkundean, 36ak dena bortizki eragotzi zuen arte. Guztiz itzali gabeko txingarretatik abiaturik eman zitzaion hauspo etengabea 50eko hamarkadatik aitzina eta emaitza egungo egoera da. Bistan da hobea izan zitekeela, baina duela hirurogei urte Iruñeko etxe gutxi-gutxitan mintzatzen zitzaien haurrei euskaraz. Orain, ordea, hemen bertan jaiotako ume frankok etxean berean jasotzen dute euskara gure hirian sortutako gurasoen ezpainetatik, zenbaitek hemengo guraso euskaldun guztiak “kanpotarrak” direla uste duten arren.