Gaur berton, agian letra hauek irakurtzen ari zareten bitartean, Bilboko Arriaga Antzokian, Bilbo Zaharra euskaltegiak bultzatu eta antolatu ohi duen Klasikoen Irakurraldi Jarraitua egiten ari da. Dakikezuenez, urtero, euskal literaturak emandako lanik aipagarrienetako bat irakurtzen dute ehunka euskaltzalek, euskaltegi legendario horrek 2008an abiatu zuen ekimen eder eta xume horretan.

Egun berezia da zentzu askotan. Alde batetik, bertan hizkuntzaren goraipamena egiten da, gure hizkuntzaren aldeko aldarria. Eta beste aldetik, euskal idazle batek euskaraz sortu duelako lan eder bat literaturaren goraipamena ere egiten da. Herri baten arima baitira hizkuntza eta sormena, eta sortzen duen herriak badu etorkizunik. Eta azkenik, ehunka euskaldun eta euskaltzale bertan literaturaz gozatzen eta irakurtzen ikustea hunkigarria da. Horietariko asko bertako ikasleak dira, ezagutza minimo batzuk badituzte, baina egunen batean euskaldunak izango direlako konbentzimendu osoaren jabe ere badira, eta hori ederra da.

Antolatzaileek zergatik aukeratu den Miren Agur Meaberen liburu hori jakinarazi dute: “Gaur egun lehen lerroan dauden emakumezko guztiak omentzea izan da asmoa, literaturako ahots eta begirada berriak jasotzea, eta klasikoetatik orainera zubiak eraikitzea”.

Hamar urte iragan dira Miren Agur Meabek Kristalezko begi bat eleberria kaleratu zuenetik, eta berak esan zuen bezala, mugarri bat izan zen bere bizitzan arrazoi askorengatik. Lana ere saritua izan da askotan, eta mila irakurzalek loriatua eta goraipatua ere bai.

Narrazioa kanpoan idatzi zuen Miren Agurrek, izan ere, lagun batzuek Landetan utzi zioten etxe batean askatu baitzuen barruko korapiloa. Minetik iheska idazkuntzarekiko maitasuna ediren zuen, eta han estreinakoz, egun osoko idazlea dela jabetu zen.

Minarekin hasi baita narrazioa: “Begi bat galdu nuen, ezkerrekoa, hamahiru urte nituenean. Ama hil zitzaidan, hiru hilabete eta erdian, obarioetako minbiziaren kausaz, hogeita hamazortzi urte nituela”.

Orain zuen txanda. Segi irakurtzen.