Lehen letrek edozein eta hitz guztien lehen urratsak dira, esan nahi baita hitza baldintzatzen dutela. Ezin lehen letra ezberdinekin hitz bera idaztea, baina bai alderantziz ohikoa da hitz ezberdinek lehen letra beraz hastea. Idaztea, entzutea edota irakurtzea. Edo pentsatzea. Gaurkoan bi lehen letraz arituko naiz. Bi lehen letra hasierari heldu. Tabernaren izena bat, bertako langilearena bestea. Lehengo tabernaren lehen letra E dugu eta L langilearena. Taberna txikia da, mahai gutxikoa, adeitsua, beti musika polita izaten duten horietakoa, kafe goxoa, pintxo egokiak. Etxetik hurbilena. L da langilearen izenaren lehen letra, emakumea, 50 urtetakoa gutxi gora behera, noiz eta norekin, eta zertaz, hitz egiten dakien pertsona. Argentinan jaioa eta gaztetan bere ama, aita eta anai arrebekin Gipuzkoako herri batetara bertaratua. Bere aita eta aitona-amona guda zibila bukatu bezain laster Argentinara abiatutakoak frankismotik ihes. Aitona Jose Antonio Agirre lehen Lehendakariaren esanetara ibilia “operazio berezitan”, gudari ausarta, ezaguna oso bere garaitan. L oraindik gogoratzen da nola txikitan bidai luze baten ondoren famili osoa joaten zen han inguruko Euskal Etxera dantzariak ikustera eta txistularik entzutera bazkaltzera eseri aurretik. Taberna hutsik dagoenean edo bezero gutxi eta distraituak L eta ni hizketan aritzen gara gustura. E konfiantzazko taberna daukat. Hurrengo tabernak ez du zerikusirik aurrekoarekin, B handia da oso, barrualde oso zabala dauka, baita terraza ere. Eguraldi txarra egiten duenetan barruan leiho irekien ondoan egunkaria lasai irakurtzeko egokia. Musikan Sabino eta Francisco ohikoenak. Beti La Sexta jarria. Pintxo pila bat, urdaiazpikokoak goxoenak. Kafe ona ere. Bere lau hormak gogoko ez ditudan irudiaz hornituta daude, bata bestearen pean, goian, edo aldamenean, torero famatu eta zezenketen irudiak hain zuzen. Irudi zaharberrituak. Emaztea eta alabak ez dira inoiz sartu, ezta sartuko ere, ez bada begiak itxita.