Carreras Mugica galerian aurkezten duen banakako hirugarren erakusketa du June Crespok (Iruñea, 1982) 'Entre alguien y algo'. Maiatzaren 27an ireki zituen ateak eta uztailaren 29ra arte egongo da ikusgai hainbat obraz osatutako proiektua. Erakusketa hau galeria berean aurkeztutako beste bien jarraipena dela esan daiteke: 'Cosa y tú' (2015) eta 'Ser dos' (2017). Dena den, aurretik erakutsitakoari jarraipena emateko baliatzeaz gain, etorriko denaren hasiera ere badela azaldu du Crespok. Izan ere, baiezkoa eman du datozen urteetan erakutsiko diren proiektu bi garatzeko, eta horien prestakuntza lanetarako sortu du, hein handi batean, 'Entre alguien y algo'.

Bi desio horiek irudikatzeko asmoz aukeratu zuen, hain zuzen ere, erakusketaren izenburua, bere hitzetan: "Aurretik egindakoa eta ondoren etorriko denaren artean dago erakusketa hau". Lan prozesuan ematen den objektu eta subjektuaren arteko negoziazioari dagokio izenburua.

Bere ohiko lan eta estiloari jarraituz, hainbat obra prestatu ditu artistak proiektu berri honetarako. Zehazki, altzairuz eta brontzez egindako zortzi horma-lan eta poliesterreko erretxinarekin eta beira-zuntzarekin egindako beste hainbat (horietako batzuk eraikuntzan erabilitako zutabeen enkofratuetatik abiatuta sortu dira, beste batzuk bidoietatik).

Dena den, eta obra indibidualak diren arren, guztien artean osotasun bat eratzen dutela azaldu du artistak. Alegia, erakusketa bera sortzeko, ezinbestekoa dela pieza horietako bakoitza.

FORMA BERRIAK

Crespok ez du zerbait zehatza sentitzera zuzendu nahi ikuslea. Hortaz, lan bat sortzerako orduan ez du kalkulatzen zer nahiko lukeen transmititu. Badaki, ordea, zer iradokitzen dion erakusketak berari: "Subjektuaren eta objektuaren arteko negoziazioan zerbait berria sortzen da, arruntak diren bi forma elkartu eta eraldatuz".

Hain zuzen, objektu batekin duen obsesiotik eta haren formen behaketatik abiatuta hasi ohi da Crespo lanean. Azaldutakoaren arabera, objektuek zertaz hitz egiten dioten deskubritzea gustatzen zaio, haiei lotuta mantentzen baitute horrela. Zehazki, erakusketa honetan lanean zebilela irudi batzuk izan ditu lagun: mingaina eta ahosabaiaren arteko harreman intimoabetazal eta begi-globoaren artekoa edota lorea eta petaloen artekoa.

Forma arruntak bidelagun izaten saiatzen da, beste zerbait bihurtzen diren arte. Aldi berean gauza bat eta asko izan arte. Barne indarraz hitz egiten du Crespok, pieza guztiak eboluzionatzen ari diren gauza bera direla pentsatzea gustatzen zaiola azaltzeko. Izan ere, barne indar batek bultzatutako forma bat, eraldaketa txikiekin bada ere, beste era batekoa izaten amaituko du.

DISFRUTATZEKO TARTEA

Azken urteetan hainbat erakusketa sortu ditu artistak, munduko hainbat hiritan: VeneziaParisAmsterdamMadrilBartzelonaNew YorkBilbo... Hori dela eta, bereziki pozik azaldu da, bere lana erakusteko jaso dituen aukerengatik. Arrakasta hau lanarekiko hartutako konpromisoaren emaitza da. Hala ere, datozen urteetara arreta ipinita, baditu erronka eta amets batzuk. Lehenik eta behin, bere lanarekiko pasioa, gogoak eta ilusioa mantentzea gustatuko litzaiokeela azaldu du, baita hori modu eta erritmo jasangarri batean egin ahal izatea ere: "Nire hirian proiektu txiki bat edo atzerriko museo handi bateko erakusketa izan, berdin dio, baina nire lanaz disfrutatzeko tartea izan nahi dut". Horrez gain, profesional moduan hazi eta ikasten jarraitu nahi du. Datozen urteetan zehar garatzeko proiektu bi ditu hitzartuta eta Crespok "beldur eta ilusio handiz" egingo die aurre erronkei.