Zazpi lagun, zazpi musikari: Amets Ormaetxea, Eneritz Aulestia, Leire Etxezarreta, Irati Gutierrez, Garazi Otaegi, Maria Lasa eta Alaitz Eskudero. Aurretik beste musika proiekturen baten elkarrekin oholtza konpartitu dutenak, baina proiektu propioa sortzea erabakitzen dutenak; horiek dira Neomak. Zazpi neska gazteren musika gustuetatik sortutako proiektua; hori da Neomak. 2021eko urtarrilean sortua, eta datozen egunotan lehen diskoa kaleratuko dutenak: Neomak. Haritz Harreguyren estudioan grabatu eta kantuen oinarriak ekoizteko Jimbo Páez musikariaren laguntza izan dutenak. 

Nola ezagutzen dute elkar zazpi emakume musikarik?

Hasieran, taldekide guztiak musika eskoletako trikitixa eta pandero ikasleak izan ginen. 12-14 urte genituela, txapelketetan parte hartzen hasi ginen, batzuk binaka, eta kasu batzuetan, aurkari ere, beraz, aurpegi ezagunak ziren gu guztionak. 14-15 urte genituela, berriz, Kepa Junkeraren Sorginak taldean parte hartzeko aukera izan genuen. Elkarrekin 5-6 urte egin genituen, ordu, kilometro eta entsegu asko eta kontzertu zoragarri pila eta bi disko partekatuz.

Noiz eta nola sortu zenuten Neomak?

Nafarroako trikitixa jaialdian jotzeko deitu ziguten, hiru bat abesti prestatzeko eskatuz. Denbora generaman oholtza gainean elkarrekin egon gabe, eta zapiok berriz elkartu nahi gintuzten eszenatokian. Pandemia garaia zen hura, eta aitzakia bilakatu zen guretzat, elkartu eta gustatzen zitzaiguna egiteko. Prestatu egin genituen eskatutako hiru abestiak, eta ETBk grabatu egin zuen 2021eko urtarrilaren 30ean egin genuen emanaldia. Hori dela eta, martxotik aurrera kontzertuak emateko eskaintzaren bat edo beste jasotzen hasi ginen. Hori ikusita, eta sugarra oraindik piztuta zegoela ikusita, hitz egiteko eseri ginen, aurrerantzean zer egingo genuen erabakitzekotan. Prestatu genituen hiru abesti horietatik abiatuta, entseatzen hasi ginen, 70 bat minutuko kontzertu bat prestatzeko asmoz. Hala, kontzertuak ematen hasi ginen, eta urtea bukatu orduko, 14 bat emanaldi egin genituen. Hori horrela, Airaka ekoiztetxearekin lanean hasteko eskaintza jaso genuen. Entseguetan, gure sorkuntza propioari bueltaka, ideia batzuk atera ziren, eta Airakaren eskaintzari heldu genion.

Zein helbururekin hasi zineten lanean?

Egia esan, inongo helbururik gabe hasi ginen. Bi urte elkarrekin izan gabe egon ostean, zazpiok elkartzeko aitzakia zen Nafarroako trikitixa jaialdiarena, eta, beraz, jaialdi hura aurrera ateratzea zen gure orduko helburua. Gerora, kontzertuak ematen hasi ginenean, besterik gabe, emanaldi horiek prestatzea genuen buruan. Gustura sentitzen ginen momentu haiek bildu nahi genituen. Airakarekin lanean hasi ginenean iritsi ziren helburuak, nonbaitera iritsi nahi baduzu zerbait egin beharra daukazulako. Eta hor bai, hor, gure sorkuntza bagenuela ikustean, sortutako guztia disko batean biltzea erabaki genuen, baina, batez ere, guretzat, zerbait pertsonal eta barru-barrukoa bezala.

Kolaborazioak egitetik protagonista izatera salto egin duzue. Alde handia nabaritu al duzue?

Pixka bat nekagarria izan da, egia esan. Oso eroso geunden. Euskal Herrian zein mundu mailan aritutakoak izan gara, eta bi disko grabatu eta birak ere egin ditugu, baina, nolabait esateko, guztia eginda ematen ziguten. Orain, erabaki txiki bakoitza gure ardura da, eta hemen sartzen zaren arte ez zara horren kontziente. Egia da gustura egiten dugun gauza bat dela, baina esfortzu handia eskatzen du. 

Neomak izena arrotza izan daiteke entzuleentzat. Grezieraz, 'ilargi berriak' esan nahi du. Zergatik aukeratu zenuten izen hori?

Sorginak proiektutik gentozela kontuan hartuta, mitologiaren harira, lotura bat egin nahi genuen, gaur garena aurretik izan dugun guztiagatik garelako. Baina, beste alde batetik, gu desberdin sentitzen gara orain; proiektu berri bat dugu esku artean, eta berrituta gatoz. Beraz, aurrekoarekin lotura egin nahi genuen, argi utziz, berrituta gatozela, ez soilik izenari dagokionez, gu ere asko aldatu baikara. Azken finean, ideia horiekin jolas egin nahi genuen.

Nolako esperientzia izan zen lehen aldiz elkartu zinetenekoa?

Nerabezaroan harrapatu gintuen, eta garai delikatu samarra izaten da, trantsizio egoera bat. Asko markatu gintuen egoera hark, bai modu profesionalean zein pertsonalean. Ordu gehiago igarotzen genituen entseguetan edo kontzertuetan pentsatzen 15 urteko gazte batek parrandetan igarotzen zituenak baino. Gure momentu libreak beste modu batean pasatzen genituen. Ahaztuko ez dugun esperientzia bizi izan genuen.

Nola definituko zenukete zuen musika estiloa?

Egia da oraindik ez garela gure musika estiloa guztiz etiketatzera iritsi, ez dakigu oso ondo zein musika estilo egiten dugun. Oinarrian badugu musika tradizionala, instrumentuetatik beraietatik hasita. Kalejira, fandango eta arin-arin erritmoak ere mantentzen ditugu, beraz, bai, hor badago folk musika. Hala ere, jolasten hasi gara pixka bat teknologiak eskaintzen dizkigun aukerekin, eta elektronika eta ekoiztutako oinarriekin. Hain proiektu berria izanik, uste dut oraindik loratzen gabiltzala zentzu askotan; ez bakarrik musika estiloa definitzerako orduan, baita zuzenekoak edo publikoa definitzerakoan ere. 

Tradizionaletik haratago, estereotipoak haustera al dator Neomak?

Baldin bagoaz ere asmorik gabe da, atera zaiguna izan da. Modu batean, bai etorri gara umetan erakutsi ziguten trikitixa eta pandero tradizional hori alde batera utzi, eta trikitixa eta panderoa taula gainean imajinatzen denarekin apurtzera; betiere, errespetuz eta miresmen osoz tradizioa goraipatuz. Halaber, tradizioak markatu dituen estereotipo edo erreprimitutako garaiekiko -batez ere, emakumeari dagokionez- apurketa bat irudikatu nahi izan dugu. Dena den, musikari dagokionez, ez dugu musika berritzaile bat sortzeko helbururik, asko sortuta baitago. Gehiago da bakoitzak zein forma ematen dion. 

Irailean zein urrian kontzertuak eskainiko dituzte. ANTONIO MURILLO

Gaur egungo publikoa trikitixaren doinuak entzutearen aldekoa da?

Nik uste dut oraindik badagoela musika tradizionala gustatzen zaion publikoaren zati bat, alegia, trikitixa entzuteko belarriprest dagoena. Baina egia da gizartea aldatzen doan bezala, publikoa ere aldatzen doala, eta gure sorkuntzak ere eguneratzen doazela, kantu gehienak norberak bizi dituen egoeretatik ateratzen baitira.

Eta publikoaren zati hori edo beste bat, zuekin izan duzue zuen emanaldietan. Kontzertuen nolako balorazioa egiten duzue?

Proiektu berri bat izanik, eta bi kantu argitaratze hutsarekin, Euskal Herriko plaza askotan gozatzeko aukera izan dugu, eta, horrez gain, Katalunian egon gara, Galizian egon gara… Hori erantzun ona den seinale da, behintzat, esan nahi du gogoa dagoela entzuteko zer dagoen proiektu horren atzean. Alde horretatik, beraz, balorazio oso positiboa egin dezakegu. 

Zer da zuen emanaldietan publikoari ematen diozuena?

Zaila egiten zait erantzutea, hori publikoak esan beharko lukeelako, baina, beharbada, trikitixa ulertu daitekeen beste modu bat erakusten dugu. Orain arte trikitixa eta panderoa, trikitixa eta panderoa ziren, eta gaur egun, trikitixa edozein musika estilotan erabil daitekeen tresna bat da. Hala ere, ez gara lehenak trikitixa beste estilo batera eraman dutenak, baina talde bat gehiago gara horretan. Bestalde, nahiz eta gu ez garen hori bilatzera joan, taula gainean zazpi emakume izateak beti sortzen du zirrara, eta hori Euskal Herrian zein hemendik kanpo esan ohi digute, ez baita askotan ikusten. 

Trikitixa soinuak entzuteko aukeraz gain, ikuskizuna ere eskaintzen diozue eszenatoki aurrean dagoenari…

Hori da gure asmoa, eta pozten gara hori lortzen ari bagara. Gure proiektu propioarekin aurrera egitea erabaki genuenean zer nahi genuen pentsatzen hasi ginen, ordura arte zer egin genuen pentsatzen jarri ordez. Ordura arte aulkietan eserita egoten ginen oholtzan, eta zutik jartzearen ideia hutsa aldaketa handia izan zen guretzat. Baina aldaketa ematera gindoazela aprobetxatuta, zentzu gehiagotan eman nahi genuen aldaketa hori. Ez genuen aulkia albo batera utzi nahi egin behar genuena gauza bera bazen. Entzuteko kontzertu soil bat baino, ikuskizuna ematea da gure asmoa. Baina oraindik lan asko daukagu egiteke, eta horretarako denbora beharko dugu.  

Eta trukean, zer jaso duzue?

Ikaragarri pila jaso dugu; aukerak han eta hemen. Gure buruak proban jartzeko aukerak, ikusteko ea nonbaitera irits gaitezkeen, eta hemen geratzen baldin bagara, behintzat, bidean gozatu izanarekin geratuko gara. 

Zer dakarkio etorkizun hurbilak Neomaki?

Etapa berri bati hasiera emango diogu hil honetan, gure lehen diskoa erdituko dugulako; beraz, aurkezpen eta promozio lanetan ariko gara. Hain justu, irailaren 15ean, Neomaken lehenengo diskoaren aurkezpena egingo dugu, eta hurrengo egunean, Errenteriako Atlantikaldia jaialdian diskoaren aurkezpen kontzertua izango da. Bestela ere, irailean kontzertu dezente emango ditugu: Gaur bertan, Zornotzan ariko gara; bihar, Lizartzan; hilaren 16an, Oreretan; irailaren 17an, Eskoriatzan; hilaren 18an, Getxon, eta 23an Zarautzen. Urri hasieran, aldiz, Bilbon joko dugu eta azaroan Malagan izango gara. Momentuz, beraz, diskoa argitaratu eta kontzertuak eskaintzen ariko gara.