Arrazoi ugarik eraman gaitzakete ezezaguna zaigun herrialde bat lehen aldiz bisitatzera. Batzuetan sakonekoak dira arrazoi hauek, lotura pertsonalen bat edo familiako sustraien jatorria esaterako, besteetan aldiz arrazoiak arinagoak dira, hondartza ederrenak dituen ingurua delako, adibidez. Azkenik badira apeta hutsak direnak, eta gutxien espero duzun momentuan argi bat pizten dutenak burmuineko desiren eremuan. Hala agertu zen Serbia nire muturren aurrean, liburu batek herrialde hau Europan egon arren, kontinenteko hitzarmen ia guztietatik kanpo zegoela erakutsi zidanean.

Iparrorratzaren gezia jarraituz, baina maparen gainean nire ibilbidea era nahiko librean zehaztuz, halaxe nabil nire bizikleta gainean Serbiaren errepide gorabeheratsuetan barna. Dagoeneko ikasi dut hizkuntza arazo bat izango dela bertakoekin komunikatzeko. Ezin diot inori galdetu ea bide onetik noan, baina hori ez da arduratzen nauena. Kezkatzen nauena bertakoekin hitz eginez euren kultura, ohitura eta kontuen inguruan ikasteko aukera ez izatea da. Beno, beti dago mimika egitearen aukera, eta teknika hau ederki garatzen ari naiz azken egunotan.

Aletegi bat. Eneko Eizagirre

Dendatxo batean geratu naiz, tripako zuloa estaltzeko asmotan. Kanpoan zeuden dendaria eta hiru agure nire bizikletaren inguruan berriketan aritu dira. Aukeratu ditudan bananak oparitu egin dizkit dendariak eta agureek laranjazko Fanta batera gonbidatu naute. Ezinezko elkarrizketan hasi gara, serbiera eta euskara / gaztelania / ingelesa / italiera tartekatuz, mimika muturrera eramanez, eta aldian-aldian irribarre bat gehituz, elkarrizketa arintzeko asmotan. 'Basque Country'-koa naizela bota diedanean, 'passport' eskatu dit zimur sakoneko eta begirada zorrotzeko gizonak, 'checkpoint' batean bagina bezala. Begirada serioz aztertu ditu liburuxkako orriak eta baita nire argazkia ere. Une batean giroa hoztu egin da, baina bere lagunak barrezka hasi dira ahapeka, ziurrenik erretiroa onartzen ez dakien polizia/militar ohiaren kontura. Gorputzaldi nahasiarekin agurtu ditut bi zahar irribarretsuak eta bere kide pipertua.

Goizaldetik nabil pedalei eragiten eta arratsaldea aurrea doan heinean, kanpin denda alportxetatik atera eta nire gau bateko etxea non kokatuko dudan erabakitzeko unea iristen ari da. Kragujevac hirira gerturatzen ari naiz modu arriskutsuan, Serbiako laugarren hiri handienera. Kanpaldi librea egiterako unean, hiriak saihestu egiten ditut, bere inguruetan atseginak ez diren eremuak egoten direlako. Herrixketan aldiz, azken etxearen ostean zelaia izan ohi da, edo asko jota futbol zelai bat. Hortaz, lehenbailehen topatu behar dut leku egoki bat, edo Kragujevac zeharkatu eta bertatik zuhurtziazko kilometro sorta bat egin hiritik aldentzeko.

Errepide bazterreko hildakoen oroigarriak.

Errepide bazterreko hildakoen oroigarriak. Eneko Eizagirre

Ezker-eskuin, radarra piztua dut errepidetik ikusi daitezkeen soro, baso, parke nahiz ermita egokiak topatzeko. Ai, nire amonak baleki zenbat estimatzen ditudan ermitak, eskaintzen didaten aterpe goxoengatik bada ere! Zelai ezin hobea topatu dut, baina etxe bat dago nahiko gertu. Bertara gerturatu naiz, nire asmoak azaldu eta zuzenean euren oniritzia edo gaitzespena unean bertan jasotzeko ideiarekin. Inuzentea ni, komunikazioa erraza izango zela pentsatzearren...

Adineko gizonarekin hamar minutuko tentel-elkarrizketa neramanean, elkarrizketa hasi izanaz damutzen hasia nengoen. Halako batean baina, gizona bere etxera sartu eta kaxa herdoildu batean zerbaiten bila luze aritu ostean, bere izena eta argazkia ageri diren UCI-ko (Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasuna) txartel zaharkitu bat erakutsi dit. Txirrindularien artean gaudela jakinda, bat-batean mimika eginez elkar ulertu dugu eta dena konpondu da istant horretan. Kanpin denda euren etxeko lorategian jartzera gonbidatu nau, unean bertan jasotako udare mordoa eman dizkit eta beste norabait gaua pasatzera zihoazela esanez, ur epelez beteriko ontzi bat ekarri dit, xaboi zati handi batekin batera. Dirudienez nabaritu du egunak daramatzadala dutxa bat hartu gabe. Bere emaztea inguruan dabilenez, errespetuz ez dut nahi izan bere aurrean larrugorrian jarri, hortaz gerritik gora soilik egin dut aire libreko dutxa. Alde egiteko unea iritsi zaienean, irribarre trukeaz gain, ur epelez betetako beste ontzi bat ekarri dit gizonak, eta keinu nahiko argigarriekin gerritik behera ere garbitu beharko nintzatekeela iradoki dit. Emakumea barrez lehertzen joan da autorantz eta algara batean agurtu gara.

Karadorde buruzagiaren monumentua.

Karadorde buruzagiaren monumentua. Eneko Eizagirre

Gaua iritsi da, alboan dagoen basoan animalia basatien elkarrizketak piztu dira eta Polonian fabrikatutako  traktore gorri zahar batean eserita, egunak emandakoaren inguruan hausnartzen ari naiz ganbaratik zintzilik dagoen bonbilla soil baten argipean. Mapetan zulo bat zelako etorri nintzen Serbiara, baina egunez egun elkar ondo ulertzen ez dugun pertsonei esker, aurpegi alai ugariz betetzen ari da zuloa, aldian-aldian aurpegi serioren bat agertzen bada ere. Ea hemendik aurrera zer eskaintzen didan herrialdeak.