“Abstrakzioaren eta figurazio onirikoaren artean mugitzen den hizkuntza batean” kokatzen du Irati Retolaza Rubiok (Bilbo, 1996) bere lana. Grabatuen teknikan murgildu da azkenaldian, batez ere prozesu jasangarrietan, eta zeramika ere lantzen du, betiere marrazkia oinarri duela. Artista gisa, marrazkian eta arlo grafikoan kokatzen du bere burua.

Lehen kolpean marrazki soilak diruditen irudiek osatzen dute Retolazaren irudi-unibertsoa. Giza formako eta eguneroko gauzen imajina txikiak dira, bere ukitu propioarekin. Marren bidez osatzen ditu grabatuak; indar, luzera eta forma desberdineko lerroen bidez dimentsioa eta esanahia ematen die. Bere oroitzapenak hautatu eta “desitxuratu” egiten ditu “oroitzapen-artxibo” bat osatzeko, “eguneroko” baten gisakoa.

Marrazkiek, itxura antropomorfikoa izanik, nahiko soilak irudi dezakete hasiera batean, “inozenteak”, artistaren hitzetan. Ondo begiratuz gero, ordea, “atzealde iluna” erakusten dute; hori da bilbotarrak erakutsi nahi duena. Giza gorputza eta psikologia nahasten ditu sorkuntzan, noizbehinka “abstrakziora hurbiltzen” da, bestetan “figuraziora”, beti bere inguruan gertatzen dena irudikatu nahian.

Ibilbide oparoa

Marrazkiarekiko zaletasuna txikitatik badu ere, unibertsitatean gerturatu zen grabatura Retolaza. Lehendik margoa, marrazkia eta eskultura lantzen zituen, eta Arte Ederrak ikasten ari zela hasi zen teknika berriarekin harremanetan. Batez ere grabatuaren berezko prozesuek eskaintzen dituzten “ezaugarriek” eta barnean duten “emaitza grafikoak” erakartzen ditu: “Akuafortearen lerroa ez da punta lehorrarena bezalakoa, ezta arkatzarena ere. Egurraren betak xilografiak bakarrik ematen ditu, baina serigrafiarekin tranpak egin daitezke: planoa eta erliebea, gainjartzeak... Grabatuak jolasteko aukera ia amaigabeak eskaintzen dizkigu. Geldiarazi egiten nau, pentsatu eta denborak eta prozesuak errespetatzera behartzen nau. Pazientzia izan behar da, eta tailerretik kanpo nahiko kostatzen zaidan gauza izanda, asko erakartzen nau”.

Unibertsitateko ikasketak amaitzean Betanzosera (Galizia) joan zen Obra Grafikoaren Masterra egitera, eta duela bi urtetik hona Basque BioDesign Centerreko (Gueñes, Bizkaia) Print Lab grabatu eta serigrafia tailerreko arduraduna da. Ikastaroak ematen ditu, ikasleak lagundu, enkarguak egin… eta bere proiektu propioak garatzeko aukera ere badu. Bertako biomaterialei (bioplastikoak, konbutxa larrua, zeramika larrua…) grabatu teknikak aplikatzen dizkie, “euskarri gisa bideragarriak direla frogatzeko”.

Irati Retolaza Rubio artista tailerrean lanean.

Irati Retolaza Rubio artista tailerrean lanean. Irati Retolaza Rubio

Hainbat azoka eta erakusketatan ere hartu du parte azken urteetan. 2018an hasi zen Open Portfolioan eta geroztik zenbait lehiaketarako hautatu dute. Esaterako, Mexikon, Pragan eta Portugalen egon diren Memento Mori eta Sin Rumbo Fijo erakusketa kolektiboetan hartu du parte, baita Basquegraphia lehiaketan ere. Azokei dagokienez, Oviedoko Alma Grafikan izan da azkenengo hiru ediziotan eta aurten Gasteizko Montehermoso Kulturunean egiten den Mazoka Azokan egon da.

Ez hori bakarrik, sariak ere jaso ditu bere lanaren aitortza gisa; azkena, iazko urte amaieran. Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako BUM Sarien Jasangarritasun kategoriako lehenengo saria eskuratu zuen Grafika Bodegradable proiektuari esker. Bertan, biomaterialen eta grabatuaren arteko konbinazioak eta aukerak ikertu ditu, “grabatuan prozesu jasangarri bat bermatzeko asmoarekin”.

Prozesuaren zale

Prozesuan gozatzen du Retolazak. Lehen ideia koadernoan zirriborratzen du. Gustuko zerbait lortzen duenean, zein teknika aplikatuko dion hausnartzen du. Gehienetan punta lehorraren alde egiten du, “ematen dituen lerro apurtu eta indartsuengatik”. Orduan, plastikozko edo kobrezko xafla batean punta lehorraren eta lixaren bidez irudia sortzen hasten da.

Hurrengo pausua estanpazioarena da. Grabatuan papera bustita landu behar da, “tinta hobeto xurgatu eta elastiko bihurtzen baita”. Horregatik erabiltzen ditu koipezko tintak, nahi duen kolorekoak, matrize osoan zabalduta. Ondoren, tarlatanarekin matrizea garbitzen du, tinta landu duen zatietan bakarrik utzi arte. Amaitzeko, aurretik bustitako paperari gehiegizko hezetasuna kendu eta torkuluan sartzen du matrizea, prentsatzeko. Biraderari eragin eta grabatua atera egiten da.

Zeramika eskuz lantzea gustatzen zaio. Zati txikiekin metatzera jolasten da: atalez atal pieza txikiak gehituz doa, azken pieza sortu arte. Plantxak ere lantzen ditu egiturak osatzeko: ontziak, kaxak, tapak… Antzekotasunak aurkitzen dizkio estanpatua eta zeramika lantzeari, bi teknikek “errespetatu beharreko prozesuak, denborak eta mugak” dituztelako.

Nolanahi ere, esperimentatzen eta teknika berriak ikasten jarraitu nahi duela azaldu du artista gazteak. Orain beira lantzen ikasi nahi du, baina, beti bezala, egiten duen guztiaren oinarrian marrazkia egongo dela argi utzita, eta beste arte diziplinetatik edaten jarraituz: literaturatik, zinematik, musikatik…