Maite dut egiten ditudan bidaiak elkarrekin nolabait lotzea, bata bestearen segida bihurtzea, istorio luze bateko kapituluak bailiran, ildo komun batez zeharkatzea. Batzuetan bidaia baten eta bestearen arteko lotura geografikoa da. Turinetik Kopenhagera egin nuen bizikleta bidaia batek segida izan zuen handik urte batzuetara Danimarkako hiriburutik Rotterdamera joanda, eta horrela aldian-aldian bidaia berri batek korapilo batez lotzen ditu urteetan zehar aske utziriko hari-muturrak. 

Lotura geografikoez harago, badira beste lotura mota batzuk bidaien patchwork-a are interesgarriagoa eta konplexuagoa egiten dutenak. Zeinen ederra den bidaia batean ezagutu zenuen norbaitekin, handik urte batzuetara eta leku zeharo desberdin batean elkar topatzea beste behin. Gaur egun sare sozialei esker halako loturak mantentzea errazagoa bada ere, denborak bere lana egiten badaki eta soilik ongi jositako oihalak mantentzen dira elkarri lotura.

Patagoniako mendi ibilaldi ikusgarri batean ezagutu genuen Benjamin, Hego Tirolgo mutil txima luzea. Urteak igaro dira hartatik, eta orain bere etxera goaz bisitan, Dolomitetako bihotzean. Hasierako unean pixka bat jokoz kanpo gaude denok, bere alboan duen bikote argentinarra ez baitugu ezagutzen, ezta berak nire hankari itsatsia dudan urtebeteko haurra. Azken urteetako laburpen azkar bat egin (egindako bidaiak, lana, eta noski, itsatsia dudan haurra) eta utzi genuen puntu berean dago harremana. Afalosteko tertulian elkar bizitako abentura ia guztiak errepasatu ditugu honezkero, eta berriak idazteko gogoa piztu zaigu.

Klausen, Benjaminen herria. Benjamin Auer

Egunsentiaren aurretik Val Gardenan gora kilometro batzuk egin ostean, autoa aparkatu eta bizikleten pedalei eragiten hasi gara. Maldan gora. Gaurko eguna halakoa dela esan dit Benjaminek, aldapan gora edo aldapan behera. Pedalei eragin edo balaztari eragin. Oso goiz hasi gara eta eguzkiari ez dio astirik eman bazterrak berotzeko, baina atzetik etorriko den turista andana apur batez saihesteko modu bakarra da. Ezin dut irribarrea kendu ahotik, zeinen pareta altuak, zeinen zelai berdeak, zeinen paisaia ederra. Nekea ezin dut sentitu ere egin, burmuina edertasun guzti hau barneratu nahian gainezka baitabil. Ohartu ere egin gabe, iritsi gara eguneko lehen mendatera, Passo Gardena (2.121 metro).

Maldan behera, Val Badian barneratzen goazela, egiten ari garena azaldu dit Benjaminek. Gruppo Sella deituriko mendi multzoari itzulia egiten ari gara, Dolomitak mendien bihotz-bihotzean. 55 kilometro inguruko biribilgune erraldoi bat balitz bezala, Sellaren inguruan biltzen diren lau bailarak lotuko ditugu errepidez: Gardena, Badia, Livinallongo eta Fassa. Hortaz gain, hiru probintziatatik igaroko gara, baina bada Sellaren inguru guzti hauek biltzen dituen ezaugarri bat, Ladino hizkuntza, txikia izanagatik, harkaitzei itsatsia tinko mantentzen dena.

Corvara herrixkan eskumatara biratu eguneko bigarren mendateari ekin diogu, bira osoko igoerarik apalenari. Passo Campolongo-ko (1.875 metro) gainaren inguruan mahai batean eseri gara honezkero bizitzen ari den tripa-zorria xamurtzeko. Goiza aurrera doa eta errepideak gero eta beteagoak daude, auto, motorzale eta txirrindulariez. Turismo pila erakartzen du Sellaronda izenez ezaguna den itzuli hau, baina ez soilik uda partean. Neguan, bailaraz bailara elkar loturik dauden eski pista mordoa daude, Dolomiti superski eremu erraldoia sortzen dutenak. Guk egiten ari garen itzulia eskiatzen egitea ahalbidetzen du, besteak beste. 

Sas Putiaren inguruak. Benjamin Auer

Jaitsiera motz baten ostean Arabbara iritsi gara, Rèba Ladineraz. Jende gero eta gehiago dago. Ur botilak bete eta eguneko hirugarren koxkari ekin diogunean, Araba Euskaraz bateko ibilbidean sartuak gaudela dirudi. Auto piloa, jende piloa errepide bazterrean, txirrindulari piloa maldan gora… errepidea girotzen ari da, Girotzen. Pordoi mendatea igotzen ari gara, txirrindulari askoren gudu-zelaia izandakoa Giro d’Italia-ko antolatzaileak pasa den mendeko 40ko hamarkadatik bide hauek aukeratzen hasi zirenetik. Izen handiak igaro dira pelotoiaren buruan edo ihes eginda Passo Pordoi-etik (2.239 metro): Bartali, Coppi, Fignon, Lejarreta eta Indurain, besteak beste. Ez dut uste Eizagirre eta Auer abizenak urteetan zehar gogoratuak izango direnik, baina guk ere lortu dugu gaina egitea.

Maldan behera joan eta halako batea aldapa pikoa, hori bai gogorra. Eguneko azken esfortzuan sartuak gaude eta Benjamin eta bion arteko elkarrizketak hitz soltetara mugatzen dira. Paisaiari ere ez diot merezi duen beste begiratzen. Bihurgune batean geratu egin gara mendi tontorren inguruko azalpen batzuk irakurtzera. Biok badakigu aitzakia hutsa dela, gure giharren depositua bezain hutsa. Azken esfortzua eta iritsi gara, Passo Sella (2.240 metro), ibilbideko Cima Coppi, mendaterik garaiena alegia.

Nekatuta baina pozik iritsi gara, eta mendatean bertan dagoen tabernan gure lorpena ospatu dugu garagardo batekin, Patagonia urrunean hasi zen adiskidetasunari beste korapilo sendo bat lotuz.