Orain urte batzuk elkar ezagutu zuten Eraitz Saez de Egilazek (Beasain, 1996) eta Lur Albizuk (Artazu, 1993). Bazuten ibilbide komun bat militantzian, baina elkarrekin espaziorik ez zuten konpartitu. Elkarrekin ekin zioten beren ordura arteko jardunaren inguruko gogoeta egiteari, eta abenduan kaleratu zuten Gureak ere badira. Desira, boterea, epika (Txalaparta, 2022) lanean bildu dituzte hausnarketak, zalantzak eta kritikak. Espektro politikoaren alde jakin batean diren arren, politikan interesa izan dezakeen edonori bideratutakoa dela uste dute, bereziki ezkerreko mugimenduetan daudenei.

Nola sortu zen liburua idazteko ideia?

Eraitz Saez de Egilaz: Orain dela hiru urte elkar ezagutu genuen, master bat ikasten ari ginenean. Orduan hasi ginen denbora asko konpartitzen, eta ohartu ginen ordura arte ez genuela izan nahiko aukerarik konpartitzen genuen militantzia horren inguruko iritziak trukatzeko. Ikusi genuen Euskal Herriaren inguruko ikuspegi antzekoa genuela, baita beste joera eta gertakizunekikoa ere. Ikusi genuen Eraitz eta Lur bat zeudela, baina bazegoela ere beste “gu” bat, batez ere feminismotik politizatu direnengan, guk haiekin edo haiek gurekin, ezkerreko mugimenduei ekarpen eta kritika egiten zietenak. Hala bada, interesgarria iruditu zitzaigun elkarrekin zerbait idaztea, orain arte izandako kezkak, ekarpenak eta kritikak, era ordenatuan jasotzeko.

Lur Albizu: Nik uste, pandemia garaia ere aipatzen dugula kasu honetan, bereziki, pentsatzeko denbora izan dugulako, baita elkarrekin pentsatzeko ere. Izan da gehiago militantzia esparru formaletatik haratago joatea. Bildu ditugu ideia batzuk konpartituak direnak, ez direnak gureak, dena asmatuta baitago, baina idatziz jasotzerakoan, geure buruak antolatzeko lagungarriak izan direnak.

Zein da, beraz, liburu honen helburua?

L.A.: Niretzako helburua bere horretan izan da pentsamendu-prozesu horretan pentsamenduak eraikitzea, ideiak beste modu batera elkar lotzea eta Euskal Herria beste toki batzuetatik ere bai irakurtzea. Hor sartzen da, nolabait, belaunaldi arrakala, izan ere, badaude haustura batzuk, politikoki ez direnak oso zurrunak, baina irakurtzeko, sentitzeko eta pentsatzeko moduetan beren aldaketak dituztenak. Belaunaldi orok ditu bere seme-alabak, eta gu saiatu gara ideia horietako batzuk apurtzen edota beste batzuk eransten.

“Helburua izan da ideiak beste modu batera elkar lotzea eta Euskal Herria beste toki batzuetatik ere bai irakurtzea”

Zuek mugimendu jakin batekoak izanik, zein da lan honen irakurle potentziala?

E.SE.: Asko esan digute orain arteko hitzaldi eta elkarrizketetan liburu hau gazteentzako dela. Ez. Hori baino gehiago, azaldu nahi genuen nola heldu garen puntu honetara, eta zeren ondorio den. Uste dugu interes politikoa izan dezakeen, eta ezkerrekoa denak liburu honetan bildutako hausnarketekin bat egin dezakeela. Ez dugu idazten ezker abertzaleko militanteentzat, bai ordea militantzia horretatik, hori izan delako bizi izan duguna. Baina aspirazioa askoz ere kolektiboagoa da.

Elkarrekin idatzi duzue liburua. Nolakoa izan da prozesua?

E.SE.: Oso momentu zailean hasi ginen idazten. Gu gazteen militantzia batean aritutakoak ginen eta orduan hasi ginen adin ezberdinetako jendearekin militatzen. Horrek bere hondarrak utzi zituen liburua idazten hasi ginenean. Argi genuen elkarrekin idatziko genuela, eta ideiak ere konpartitu behar genituen. Baina bestetik, bakoitzaren interesgaiak ere banatu behar genituen. Elkarri ekarpenak egin dizkiogu uneoro. Eta egia da, momentu batzuetan haserretu ere egin gara, gai batzuekiko bisio desberdina baitugu baita lan egiteko moduengatik ere. Hor elkarri laguntzen ere ikasi dugu, bata erortzen zenean, besteak tira egiten zion.

L.A.: Eskema asko aldatu da idatzi ahala. Bost ataletan banatu dugu, baina izan zitezkeen beste bi, desagertu zitezkeen beste batzuk… Gai jakin batzuei heltzen ahal genien, baina guk ere egin behar izan dugu gure aukeraketa propioa. Ziurrenik amaitu gabeko liburu bat da, zentzu positiboan: izan daiteke beste jende batentzat ere liburuari jarraipena emateko modu bat. Guk ez ditugu planteatzen dogma handiak, baizik eta pentsatzeko eta ideia berriak sortzeko bideak.

Argazkian, Saez de Egilaz liburua esku artean. Ernai

Liburuko gaiei heltzeko etsipenetik abiatu zaretela esan ohi duzue. Zer dela eta?

E.SE.: Guk ulertzen genuen, ezinbestean gure pentsamendu politikoa bainoago, gure inguruko elementu politikoen hausnarketa bat. Baina horretarako gure testuingurua irakurri behar genuen, eta dramatismoa kentzen saiatu behar ginen. Egia da pandemiak, era berean, poso handia utzi duela eta hori bera erabili genuen sarrera gisara: Nola gaude gaur egun? Etsipen kolektiboan al gaude? Baliteke. Baina nolakoa da etsipen hori? Ezaugarri horiei eman diegu zentraltasuna: belaunaldi arteko arrakala hori dramatik bizi dugu; edota belaunaldi ezberdinek desio eta aspirazio ezberdinak izan ditzakegula. Eta ematen du ezin direla bateragarriak. Baina bestetik ere azelerazioari espazioa eman nahi genion: uste baino erritmo azkarragoetan ari gara. Eragina zuzena da gure buruak kokatzearakoan, izan ere, asko kostatzen zaigu ikustea non gauden eta nora joan nahi dugun. Abertzaletasunaz ere mintzatzen gara hor, esaten baitigute galtzen ari garen zerbait dela. Gure ustez, ordea, beste modu batera edo beste eremu batzuetan politizatu eta kokatu behar dugu.

L.A.: Pandemiaren gaiari helduta, adibidez, Arantza Santesteban zinema-zuzendariak mahai inguru batean aipatzen zuen krisian geundela, eta ia ez genuela onartu nahi ere. Santestebanek, berriz, aukera gisa hartzen ahal ziren egoera batzuk.

Desira da landu duzuen gaietako bat. Eta horri lotuta, arrazoien eta emozioen arteko dikotomia jarri duzue mahai gainean. Zergatik?

L.A.: Desirari eman nahi izan diogu garrantzia denbora asko hartu duelako gure elkarrizketetan. Eta denborari ematen diogu garrantzia halaber, denbora bera ere lapurtzen ari zaizkigulako. Orain zerbaitetan pobreak bagara, denboran ere bada. Denborarik gabe ez digute uzten pentsatzen eta desirak izaten. Hortaz, merezi duen garrantzia eman nahi genion. Arrazoiaren eta sentimenduen dikotomiarekin lotuta, ezin dugu ukatu mendebaldeko herrialdean bizirik, pentsamendua eraikitzeko molde baten barruan gaudela, eta polarizazioak sortzeko beharra dugu. Guk diogu sintesiak egin behar direla: arrazoiak sentimenduak behar ditu funtzionatzeko, eta alderantziz. Are gehiago, ez du zentzurik horien bereizketa egitea. Desirari dagokionez, maskulinoa dena balioesten da, eta berriz, emakumeei lotutakoa ia pekatutzat hartzen da. Esan nahi duguna zera da, desira pila bat praktikatzen da emantzipazio mugimenduetan. Sistemak berak ere erabiltzen du desira: ez dizute auto bat bakarrik saltzen, familia bat izan nahia baizik. Guk balioa eman nahi diogu desiraren produkzioari, baina duen garrantzia kontuan izanik. “Desira produzitu behar da”, diogu. Bai, baina, hitz egin ahala praktika batzuk ere behar ditugu.

“Epikaz eta utopiez ari garenean, XX. mendeko pentsamenduekin ari gara XXI. mendeko planteamenduei erantzuten”

Botereaz eta bere indarraz ere mintzatzen zarete.

E.SE.: Gure kezka nagusia gai honen inguruan da asko esaten dela botere hartu beharra dagoela, baina, aldiz, ez dugula oso argi zer den boterea. Askotan modu ezkorrean mintzatzen gara botereaz, izan ere, estuki lotzen dugu instituzionalizatutako botere-guneekin. Baina guk ere boterea dugula uste dugu. Kontua da botere hori simetrikoa edo asimetrikoa den eta zer harreman sortzen diren eta sortu nahi ditugun. Guk arreta berezia jartzen dugu boteretzean: ez dago boteretze posiblerik botererik gabe. Horri dagokionez, adierazi nahi genuen emakumeok nola eskuratzen dugun boterea, eta prozesua bera ere. Zer sortzen zaigun guri botere-guneetan gaudenean, zer gatazka pertsonal sortzen zaizkigun, edota zer konplexu ditugun boteredunak garenean eta nahi ez dugunean. Azkenean nola den emakume izatea eta erdigunean egotea. Beti irakurtzen zaigu gure ezaugarri negatiboekin, eta arazoak izaten ditugu botere-guneetan iraunarazteko. Gure ustez, boterearen inguruko eztabaida kokatu behar dugu hor iraun nahi badugu, estrategiak sortzen, ahalik eta baldintza duinenetan izan dadin.

Epikari lotuta diozue errazagoa egiten zaigula imajinatzea apokalipsi-zonbi bat, etorkizuna baino. Zer esan nahi duzue horrekin?

L.A.: Arrisku bat dauka, etsipenaz ari garenean, ezin dela bakarrik horretatik pentsatu. Planteamendu batzuk ere egin behar dituzu. Epikaz eta utopiez ari garenean, uste dugu kontzeptu batzuk zabaldu behar direla, batzuetan XX. mendeko pentsamenduekin ari garelako XXI. mendeko planteamenduei erantzuten. Askotan errazago zaigu giza-espeziaren amaiera imajinatzen etorkizun hobe bat baino, edo indar eraldatzaile bat baino. Frankismo garaian, zenbat borroka piztu ziren, ez? Langile mugimenduena edo kulturala esaterako, edo euskararen galeraren garaia zirudien. Oso egoera zailak ziren, eta ezinezkoak ziruditen hainbat gauza egin zituzten mugimendu eraldatzaileek, jakinda zer porrotetatik zetozen. Epika beraz, bada zerbait zentzua emateko proiektu politikoei eta mugimenduek ibilbide bat izan dezaten. 

Epika zeri eman besteko kontu bat da. Zer iruditegi sortzen dugun horri lotuta, eta zeri ematen zaion aitortza. Adibidez, asko azpimarratzen dugu mugimendu feministak egin duen eta egiten ari den lana: aliantzak egiten ezagutzen ez ditugun emakumeekin, grebak berrasmatzen… Askotan ez diogu bere izaera epikoa eman edo ez dugu pentsatu ere hori ere badela epika. Aldiz, izaera eta aitortza hori emanez gero, borrokaren potentziala asko hazten da, eta horrenbestez, boteretze prozesua ere badakarrena.