Laugarrenez antolatuko du Nafarroa Oinez festa Andra Mari Ikastolak.

Baaaai! Lau edizioak erronka garrantzitsuak izan dira Andra Mari Ikastolako hezkuntza komunitatearentzat. Horietako bakoitzean saiatu gara gure onena ematen unean uneko erronka eta helburuei heltzeko, bai Nafarroako jendarte, euskara eta euskal kulturari egin nahi genion ekarpenari erreparatuta, bai kalitatezko hezkuntza proiektu gaurkotua eskaintzeak eskatzen dituen azpiegitura beharrak asetzeko.

Leloa ‘Hotsein!’ eta logoa bozgorailu bat. Zergatik?

Leloa Hotsein! da, zuzena eta indar-tsua. Aditz honek bi esanahi ditu Sakanako hizkeretan: batetik, ‘zarata egin’ edo ‘burrunba egin’, eta, bestetik, ‘deitu’ edo ‘aldarrikatu’. Bi esanahiak baliatu nahi ditugu. Batetik, zarata egin nahi dugu euskara txoko guztietan entzun dadin. Bestetik, dei zabal bat egin nahi dugu arnasguneetan gauden ikastolon alde, gure eginkizunaren eta gure proiektuaren beharra aldarrikatuz. Logoa leloa berak eta bozgorailu bat irudikatzen duten hiru marratxok osatzen dute. Bozgorailuak hots egiteko grina eta hitza zabaltzeko asmoa adierazten du. Koloreek Andra Mari Ikastolaren logotipoan erabiltzen diren koloreak dira eta aldi berean, guretzat funtsezkoa den aniztasuna ere irudikatzen dute.

Zein izan dira orain arte egindako lanak?

Urrira arte barrura begira aritu ginen. 2022ko Nafarroa Oineza pasa ondoren kanpora begira hasi ginen: Nafarroa Oinezaren aurkezpen soziala, arropa denda inauguratu eta material irteerak, Gabonetako saskiak, gustu eta adin guztietarako jarduerak eta atzetik ikusten ez diren lan ugari: azpiegiturak prestatu, urriaren 8an izanen dugun zirkuitua, Oinez Basoaren proiektu berria… 200 bolondresek urte bete daramagu buru belarri auzolan erraldoi honetan: hezkuntza komunitate osoa martxan!

Eta zer da urriaren 8ra arte, bidean egiteko geratzen zaizuena?

Orain buru belarri gabiltza sanferminen prestaketan: ehunka boluntario koordinatu behar dira eta aldi berean eskaintza kultural anitza eskaini. Udan arropa eta material saltzeko irteera pila bat izanen dugu. Irailetik aurrera egunari begira jarriko gara. Irailean ere Gure Zirkoa eta Euskaltzaindiaren bisitak izanen ditugu.

Zein helburu bete nahiko zenituzkete aurtengo Nafarroa Oinezarekin?

Helburuetako bat euskararen arnasguneak bizkortzea da. Estrategikoa da euskararen arnasguneetan gauden ikastolon lana, eta ezinbestekoa euskalkia bizi-bizirik dugun herrion eredua. Erabileraren apaltzearen aurrean, Andra Mari ikastolak zirikatzaile izan nahi du. Beste helburu bat da ikastolen izaera publikoa aldarrikatzea. Gure proiektua herrikoia da, kooperatiboa, autogestionatua, anitza, inklusiboa eta auzolanean oinarritua. Azkenik, hezkuntza-proiektu eraldatzailea transmititzea. Andra Mari Ikastola egungo ikasleen aitona-amonek sortu zuten eta gaur egun enbor beretik jarraitzen dugu, belaunaldiz belaunaldi.

Eta festaren irabaziak, zertara bideratuko dituzue?

Festa baliatu nahi dugu DBHko eraikinean hobekuntza lanak egiteko. Eraikina zaharra da eta irisgarritasun arazoak ditu, baita isolamendu eskasa ere. Besteak beste, inklusibitatearen ikuspegitik mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat eraikina eroso bihurtu eta bere eraginkortasun energetikoa hobetu eta sortutako kutsadura murriztu nahi dugu ardura ekologiko, sozial eta ekonomikoagatik.

Aurtengoan garrantzia handia eman nahi izan diozue Oinez festa inklusibo bat antolatzeari. Zertan nabarituko dugu hori?

Aniztasuna eta inklusioa Andra Mari Ikastolaren ADNen daude. Urte asko daramagu lanean gure ikasleek senti dezaten aniztasunak aberasten gaituela. Nafarroan D ereduan ireki zen lehenengo trantsizio gela gure ikastolan izan zen. Nafarroa Oinez baliatu nahi genuen zeharkako ikuspegi hau jendarteratzeko eta hasieratik sortu genuen Inklusio Batzordea genero, jatorri, funtzio… ikuspegitik aniztasuna kontuan hartzeko. Gure ikastolan denok gara berdinak eta aldi berean denok gara desberdinak!

Nafarroa Oinezeko abesti ofiziala, urtero irrika handiz espero dugun zerbait izaten da. Zerbait aurreratu al dezakezu?

Hilaren 13an prentsaurreko batean aurkeztuko ditugu kanta eta bideo-klipa San Fermineko egitarauarekin batera. Abestia Nafarroa osora hots egin nahi dugun euskararen ofizialtasunaren aldarriaren bozgorailua izanen da. Beraz, ekainaren 10eko manifestazio eta Nafarroa Oinezaren helburuekin bat etorriko da bete-betean. Musikari gehienak gazteak eta nafarrak dira eta bost emakumek abestutako kanta izanen da.

Gainean dauzkagu San Ferminak. Zer aurkituko dugu aurten Takoneran antolatuko duzuen eremuan?

Hori ere sekretupean gordeko dugu ekainaren 13ra arte, baina esan dezakegu eskaintza kultural eta musikal paregabea izanen dela, gustu eta adin tarte guztiak kontuan hartuta. Adibidez lehenengo egunean kontzertu potentea izanen dugu, Euskarabenturaren bisita izanen dugu, haurrek ere gozatzeko unea izanen dute... Urtero bezala, Takoneran Nafarroa Oinez Txokoa euskararen arnasgune erreferentea bilakatuko da, jan-edatekoetan eskaintza zabala izanen duena eta koadrila zein familiarekin disfrutatzeko aukera aparta eskainiko duena.

Zergatik izango da berezia aurtengo Nafaroa Oineza?

Tamalez Nafarroa Garaian euskara eta euskal kulturaren egoera ez da nahiko genukeena. Zonifikazioa pairatu behar dugu eta euskara ez da ofiziala Nafarroa osoan. Euskal hiztunak egunero borrokatu behar gara hamaika oztopo legal eta administratibo gainditzeko baita zonalde euskaldunean ere. Euskararen arnasguneetan erabilera moteldu da eta alarma pizten ari da. Euskara eta hezkuntzari buruzko jardunaldian agerian gelditu zen bezala, eragile guztien elkarlana, aliantza eta akordioa beharrezkoa da. Ikasleen %62k euskararekin inongo kontakturik ez duen Nafarroa honetan behar-beharrezkoak ditugu D ereduko eskola zein ikastola guztietan egiten den lan izugarria. Norabide honetan Nafarroa Oinez eta Andra Mari Ikastola bidelagun izan nahi du.