Euskararen etorkizuna aldarrikatzea. Horixe izanen da, funtsean, Sorionekuak dinamika herritarrak bihar ospatuko duen mobilizazioaren asmoa, egitasmoa abiarazi duen eragile taldeko kide Ibai Sueskunek eta Ane Eslavak azaldu moduan. Euskalgintzaren alorrean jarduten duten herritar talde batek sortutako euskararen aldeko dinamikak Nafarroa osoko elkarte, talde eta herritar desberdinen babesa eskuratu du hilabeteotan, lurraldea eremutan zatitzen duen lege ororen gainetik herritarren nahia gailentzen dela erakutsiz. Euskaraz bizitzeko nahia, hain zuzen ere.

Nola sortu da Sorionekuak egitasmoa?

Ane Eslava (A.E.) Iaz zonifikazioaren aurkako manifestazioa ospatu zen Tuteran. Oso jendetsua izan zen eta baloratu zen garai ona izan zitekeela euskararen aldeko mobilizazio zabalago bat egiteko, Nafarroa osokoa, ez zena mugatuko bakarrik zonifikaziora. Beste egitasmo batzuetan zegoen jendearekin zubi lanak egiten hasi ginen eta tartean Irulegiko eskuaren aurkikuntzarena gertatu zen.

Hain zuzen ere Irulegiko esku ospe-tsuan aurkitutako hitza hartu duzue izen bezala.

(A.E.) Bai. Aurkikuntzarena bultzada izan zen euskaltzale guztientzat, harrotasun momentu bat, eta garai egokia iruditu zitzaigun mobilizazio herritar bat egiteko, modu positiboan, euskara etorkizuneko zerbait bezala irudikatuz.

Urtarrila bukaeran abiatu zenuten egitasmoa eta ordutik ekintza andana egin dituzue jada, ezta?

Ibai Sueskun (I.S.) Hala da. Lehenengo, ekimenaren sustatzaileen agerraldi bat egin zen eta honen ondoren ekitaldi desberdinak antolatu genituen, egitasmoa Nafarroa osora zabaldu nahi genuelako. Soinu banda bat behar genuela erabaki genuen eta abestiarekin hasi ginen, Irulegiko txangoa egin genuen Porrotxekin, ondoren bideoklipa grabatzen hasi ginen… Azkenik, bilkura desberdinak egin ditugu eragile politiko eta sindikalekin, baita elkarteekin ere. Azken txanpan, mobilizazioari begira aritu gara lanean.

Eskoletara ere eraman duzue egitasmoaren aldarria.

(I.S.) Egitasmoaren sustatzaileen artean irakasleak ere badaude, eta unitate didaktiko bat sortu dute bai helduen alfabetatzerako baita txikientzat ere. Koreografia bat egin zen eta ikastetxe desberdinetan landu izan da, baita abestia ere, Irulegiko eskuaren marrazketak egin dira… Unitateak aukera desberdinak eman ditu eta bakoitzak bere adinaren arabera aukeratu ahal izan du zer egin.

Zer nolakoa izan da erakunde, elkarte eta herritarren aldetik jaso duzuen babesa, orain arte?

(I.S.) Ugariak izan dira. Ekimenaren sustatzaile garenok ordezkatzen ditugun taldeetatik hasita, denok garelako euskalgintzan aritzen den talde edo erakunderen bateko kide; baita beste talde eta erakundetatik ere. Alderdi politikoek ere, UPNk, PSNk eta PPk ezik, euren atxikimendua erakutsi digute.

(A.E.) Nabarmentzekoa da zenbat jende etorri den gugana galdetuz ea nola babestu dezakeen egitasmoa, nola eman dezakeen bere babesa. Jendeak horrelako ekimen bat babesteko gogoa zuela argi dago.

(I.S.) Politena izan da marko hau sortu dugula eta jendeak bereganatu duela, izan Oteizakoa, Tuterakoa, Lesakakoa edo Berakoa. Euskararen alde dagoen nafar orok erosi du marko hori. Halako eragin bat bilatzen genuen, baina ez genuen espero eran-tzuna hain ona izatea.

Irulegiko esku ospetsua aurkitu zenean nolabaiteko berpizte edo biziperritze hori ere gertatu zen, ezta?

(A.E.) Bai, eta momentu horretan jende askok bere sentitu zuen esku horrek sinbolizatzen zuena. Egitasmo honekin hori bilatu dugu, jendeak mezua bereganatzea eta modu ireki batean parte hartzea.

Biharko mobilizazioaren harira, zein izanen da mezu nagusia?

(A.E.) Euskara nafar guztiona dela eta bertakoa dela, Irulegiko eskuak berretsi duen bezala. Ongi etorri besta bat egin nahi diogu euskararen etorkizunari, izan ere, badakigu euskara aspalditik dagoela hemen baina ez dugu nahi museoko pieza batean bilakatzea. Euskaraz bizi nahi dugula, asko garela eta askoz gehiago izango garela erakutsi nahi dugu.

Zer beharko luke euskarak normalizazio osoa lortzeko Nafarroan?

(I.S.) Lau zutabeetan banatzen dut euskararen etorkizuna: alde batetik, bide administratiboa. Euskararen Legea bertan behera utzi beharko li-tzateke, eta honekin batera zonifikazioa ere. Baina horrekin ez dator guztia. Beste zutabeetako bat ezagutza izango litzateke, ez badugu hizkuntza ezagutzen ezin dugulako erabili. Haren eskutik, erabilera. Horretan ere sakondu beharko litzateke, espazioak sortu eta berreskuratu behar dira. Eta azkenik, euskarak beste posizionamendu bat behar du. Euskara nafarren hizkuntza da eta hau barneratu behar dugu, Tuterako paloteadoak gure kulturaren parte diren bezala, euskara ere hala delako.

Zer nolako eguna izango da biharkoa? Nola irudikatzen duzue?

(A.E.) Egun osoko besta izango da, goizetik egonen dira gauzak. Adin guztietarako eskaintzak izando dira: dantza ikuskizunak, txarangak, puzgarriak, pailazoak, Irulegiko eskua egiteko tailerrak… Bazkari herrikoia eginen da Arrano Elkartean, dagoeneko txartel guztiak saldu dira. 17:30ean abiatuko da manifestazioa Antoniuttitik, eta besta giroan egingo da, txarangekin, peñekin, Iruña taldeko dantzariekin… Giroa alaia izango da.

Ekimenak jaso duen babesa kontutan izanda, izanen du aurrera biderik?

(A.E.) Hasiera batean ortzimuga ekainaren 10ean jarri genuen baina... Biharko eguna baloratu ondoren ikusiko da.