Nafarroa Oinez bere bere sorterrira, Sakanara, bueltatuko da heldu den urtean. Izan ere, Altsasun ospatu zen historiako lehenbiziko Oinez besta, Etxarriko eta Altsasuko ikastolen artean antolatuta eta, atzo, Tafallako ikastolakoen eskutik jaso zuten lekukoa Etxarriko Andra Mari Ikastolakoek. Beraiek izanen dute besta antolatzearen ardura, laugarrenez ikastolaren ibilbide osoan zehar. Ikastolako zuzendariak eta lehendakariak jaso zuten ardura, baita esker onez hartu ere. “Apaltasunez eta arduraz hartzen dugu konpromiso hau, ilusioak lagunduta eta gurekomunitatearen doainik kuttunenak baliatuz misio eder hau mimoz eta dedikazioz ahalik eta hoberen egiten saiatuko gara”.

Andra Marik lehenengo Nafarroa Oinez festa antolatu zuen 1981an Altsasuko Iñigo Aritza Ikastolarekin batera. Ekainaren 21ean ospatu zen, eta aurreikuspen guztiak gailendu zituen: 30.000 pertsona baino gehiago bildu ziren Nafarroako Ikastolei euren babesa eta bultzada eskaintzera, Nafartarren hizkuntzagatik, denok Altsasura! lelopean.

1989an, hain zuzen lehenengo Oinez hartatik 8 urte igaro zirenean, Etxarriko ikastolak lehenengoz hartu zuen besta antolatzearen bakarkako ardura, Oinez bizkor, euskaraz gogor lelopean. Ordurako 20 urteko ibilbidea zeraman ikastolak Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko lerro bakar batekin, eta bigarren lerro bat legeztatzea zen helburua. Horretarako, ikastolaren egoitza zen Maixuen Etxeko eraikinean egokitzapen lanak egitea beharrezkoa zen. Besta hartan lortutako irabaziei esker, hurrengo urtean Etxarriko, Arbizuko eta Lakuntzako Eskolaurreak eta OHOko bigarren lerroa legezta-tzea lortu zen.

1996an Bigarren Nafarroa Oineza antolatu zuen Herrikolore lelopean, Eskola Zaharreko eraikina LOGSEk Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza martxan jartzeko arautzen zituen baldintzetara egokitzeko. Askok oraindik gordeko dute urte hartako leloa izan zen eguzkilorearen irudia, pegatina edo pin formatuan.

Hamairu urte igaro behar izango ziren Nafarroa Oineza etxarritarren eskuetara itzultzeko. 2009an, hain zuzen ikastolaren 40 urteurrenean, ospatu zen hirugarrena. Txikiak handi leloari jarraiki, Europako hizkuntza gutxituen herrialdeekin harremanetan jarri zen lehenengo aldiz Nafarroa Oineza, leloa izenburutzat hartu zuen ekimen iraunkorrari abiapuntua emanez.

Ordutik, oso emankorra izan da Txikiak Handi ekimenaren eskutik sortu den sarea, izan ere, urtez urte, Nafarroa Oinezen antolatzaile izan diren ikastolek euren ingurune, harreman eta baliabideen baitan ekarpena egin diote. Andra Mari Ikastolak antolatutako 2009ko hartan, Europako hizkuntza gutxituen sare bat osatu zen (katalana, galegoa, asturiarra, aragoiera, okzitaniera, bretoia, alsaziera, frisiera, galesa, gaelikoa, eta eskoziarra) eta hizkun-tza horietako elkarte eta erakundeekin kontaktu zuzenak egin ziren. Halaber, hizkuntza gutxitu horien herrialdeak bisitatu zituzten (Aragoi, Okzitania, Gales, Catalunya eta Bretaña) hizkuntza horien errealitatea zuzenean ezagutzeko eta, noski, urrian ospatu zen bestara gonbidatu zituzten ordezkariak. Oinez bezperan, Txikiak Handi Topaketa antolatu zen Behatokiarekin batera, elkarri errealitate desberdinen berri emateko.

Hala, ez da txikia izan Etxarriko ikastolak Nafarroa Oinez bestari historikoki egin dion ekarpena, ordutik hona. “Sakanako eta Euskal Herriko erdigunetik, Andra Mari Ikastola egunero borrokatu da euskara eta euskal kultura hauspotzen dituen herri proiektu komunitario, inklusibo eta eraldatzailea izan dadin”, gogoratu zuen Andra Mari Ikastolako zuzendariak atzo, lekukoa eskuetan. “Zuek denak 2023ko urriaren 15ean Sakanan gurekin batera gure hizkuntzaren eta gure hezkuntzaren aldarria egitera gonbidatzen zaituztegu”.