Azken egunotan, pertsonaia publiko bati lapurtutako irudi intimo batzuk biral bihurtuta, sare sozialak ehunka mezuz bete izan dira: aktore famatu bat bideo baten filtrazioa- eta hedapenaren biktima izan da non emakume batekin harreman sexualak mantenduz ikusten den. Eta, tira, emakumea bere ezkontidea ez izateak falta zen morbo-osagaia gehitzen dio, birala izateaz gain, albiste bihur dadin. Ez dut uste historio honi buruzko iritzi- edo informazio-artikuluak argitaratu gabe egunkari bakar bat egon denik, irudien protagonisten baimenik gabe holako grabazioak zabaltzearen ondorioz eran-tzukizuna, maila desberdinetan, aztertuz. Dena den, gauza bat argi utz dezagun: edonork bere burua grabatu dezake gehien gustukoa dena eginez, sexua barne, eduki sexuala duten irudiek ez baitute ezer gaitzesgarririk, hortik delitu bat eratortzen ez bada, noski. Horrela, grabaturik dagona baimenik gabe zabaltzearekin hasten da delitua eta, gradu eta ñabardura ezberdinekin, irudien hedatzearekin jarraitzen du. Baina erantzukizuna eskatzeko -dela penala dela zibila- auzitegietara jo behar dugu derrigorrez. Beraz, bidea ez da errexa, berehalako erantzun bat lortzea ere ez. Alderantziz, oso-oso errexa da, klik bat egitea bezain sinplea, sareetara edo whatsapp bidez iristen zaigun edozein zikinkeri zabaltzeko primerako tresna bihurtzea gu geu. Nola den posible arrotza zaigun eta haren xehetasunak ezagutzen ez ditugun zerbaitek -nork hasten duen, zertarako, zein arrisku diren... zer axola zaigun!- ergel bihurtzen gaituela? Zergatik partekatzen dugun jasotakoa ezabatu beharrean? Zergatik nahiago dugun transmisio-kate zentzugabe baten beste katebegi bat izan, eta ez haren balazta? Famoseo- eta sexuz aparte, ez dezagun ahaztu gorrotoa eta indarkeria bultzatzen dituen edota adingabeei eta pertsona zaurgarriei eragiten dien bideoak daudela ere, ondore iragarrezinekin gainera. Hau esanda, mota honetako egoerei erantzuten diogun inozotasuna eta axolagabetasuna ez lukete aukera bat izan behar. Inoiz ez.