Izenburu hori jarri zioten Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatutako azken mintegiari. Ez da erraza diskurtso berritzaileak dastatzea ia dena esanda dagoen garaian; ideien joskeran eta esateko moduetan egon daiteke sekretua. Hogei minutuko lau hitzaldi, elkarren ondoan lezio biribila osatu zutenak, eta beste horrenbeste lan-talde entzundakoaz jarduten, joan zitzaigun goiza.

Helburua, eraldaketa sistemikoak euskal hiztunei dakarkien eraginaz elkarrekin hausnartzea. Testuinguru horretan, egungo egoera eta 2030erako prospektiba izan zuen gai ohiko “euskararen mundutik” ez baina bai euskararen unibertsotiko begiradaz burututako gogoetak.

Sasoi batean glokala nahi genuen bizi-eremuak gehiago du globatetik lokaletik baino. Espazio horretan egin behar dugu lehia euskaldun bizi nahi dugunok. Sistema globalaren ezaugarrietan azpimarratzekoa da balioen etengabe ematen doan eraldaketa mugimentuak. Kontsumo-joerak, norbanakotze eta komunitateen dimentsioen aurkako tamainak eta agenda politiko berriaren ematizak bistakoak dira. Batzuk aipatzeagatik, aldaketa klimatikoa, desberdinkeriak, harreman birtualak edo gopolitikaren arau berriak.

Bigarren gogoetari erreparatuz, nola irudikatzen dugu bizi-iraupenerako ezinbesteko baldintza den euskal aniztasuna? 2030. urtera arteko Europan zeharreko bidaiak erakusten du aniztasuna aldarrikatzen duten diskurtsoek praktika baztertzailea daramatela. Europar Batasuneko estatu nagusiek gizartearen aniztasuna baliotsat badute ere, hizkuntzena behintzat gaitzetsi egiten dute, bakoitzak bere estatuan ondare esklusibotzat hartzen duen bakarra babestu nahian.

Hau esanda, komeni da barneratzea konponbideak besteen ardurapean jartzen duenak nekez eraikitzen duela ezer. Beraz, euskaldunoi dagokigu euskara diskurtso positiboez jantzi, komunikazioari arreta jarri eta gure hizkuntzaren marka erakargarri eta eraginkor ikusaraztea. Luzeko apostua, epe laburreko neurrien laguntzaz irabazi behar duguna.