Tamalez, eta ohikoa den bezala, gizon batzuek ez dute sinesten emakumeek ziztadez kontatzen dutena. Harrigarria bada ere, ziztaden negazionistak agertzen hasi dira han eta hemen, eta beste batzuk negazionista erabatekoak ez badira ere, kontuari garrantzia kentzen saiatzen ari dira: ez dela hainbesterako, analisietan ez direla substantzia toxikorik aurkitu, txantxa baino ez dela (gustu txarreko txantxa arriskutsua dela esatea falta zaie), ez dela bortxaketarik egon eta horrelakoak. Baina ospitaleetako larrialdietara joan diren emakumeen gorputzetan ziztaden frogak aurkitu dituzte, eta emakumeen beraien lekukotzak daude, ugari: zorabioak, nahastuta egotearen sentsazioak, konorterik gabe gelditzea... Eta ziur naiz emakume horiek guztiak izututa zeudela. “Izua ez da odol-analisietan agertzen” idatzi du Xabier Euzkitzek Twitterren eta Ane Lindanek emakumeek sentitzen duten beldurrari buruzko hari argigarri bat irakurtzeko gomendioa egin dit.

Ertzaintzaren buru baten arabera, ziztadenak ez du zerikusirik sexu-askatasunaren aurkako delitu batekin, ez baita bortxaketarik egon. Hala izango da, ez dakit delituak legalki nola zehaztu behar diren, baina iruditzen zait osagai sexuala ezin argiago ezkutatzen dela xiringen atzean. Badirudi gizon batzuek, ezin dutenez bere gauzatxoa sartu, beste zerbait sartu nahi dietela emakumeei. Xiringaren sinbologia garbiegia da, eta gordinegia. Pentsatu nahi dugu ziztadena udako moda bat dela, berehala pasako dela, baina uste dut zerbait sakonago dagoela azpian. Feminismoak patriarkatuari buruz irakatsi digun guztia birpasatzea premiazkoa zaigu, antza.

Protokoloak eta aholkuak biderkatzen ari dira egunotan, festa garai hauetan. Guztiak dira beharrezkoak, eta ez dira nahikoak izango. Alarmismo eta sentsazionalismo guztiak albo batera utzi beharko genituzke, baina arazoa serio hartu eta, batez ere, emakumeek kontatzen duten guztiari kasu eman. Ane Lindanek honela bukatu du: “Kaleak, gauak, geureak dira!”. Mila aldiz errepikatu beharko dugu, batzuk ez dira oraindik ezertaz jabetu.